“ADN Kreaktiboa” aurkeztu du Mendozak udal langileen aurrean

ADN Kreaktiboaren aurkezpena udal langileeiKulturgunean bildu dira gaur, eguerdiko 13:00etan, udal langileak. Izan ere, Julen Mendoza alkateak “herriaren etorkizuna aldatuko duten ildo estrategikoen berri” eman nahi izan die guztiei.

Pasa den larunbatean, hilak 23, herritarren aurrean aurkeztu zituzten 2025 Plan Estrategikotik sortutako proiektuak “ADN Kreaktiboa” lelopean eta alkatearen ustez, “dokumentuak berak duen sendotasunagatik, garrantzitsua eta, era berean, beharrezkoa da, udal langileei ere horri buruz informatzea”.

Errenteriaren egungo diagnostikoa benetan kezkagarria dela esan du alkateak baina aldaketa lortu daitekeela. Horretarako, erabaki estruktural eta estrategikoak hartzea ezinbestekoa dela ere adierazi du eta eraldaketarako hiru ardatz nagusi aipatu ditu: babes soziala, ekonomia kreatiboa eta hiria erakargarri egitea.

Babes sozialari dagokionean, auzo bakoitzaren premia nagusiei erantzuteko “Auzoak” programaz aritu da. Ekonomia kreatiboari dagokionean, bere garrantzia azpimarratu nahi izan du Mendozak eta bide horretan, Errenterian Arte Eszenikoetako klusterra, artisautza gune duen Artiola proiektua eta elkarlanean oinarritutako manufaktura zentroa eta enpresa guneak aipatu ditu.

Hiriak erakargarri izateko aukerak eskaintzen dituela ere azaldu du. Horretarako hirigunea lehengoratzea eta biziberritzearen beharra, Oiartzun ibaia ibai-parke bilakatzea edota Añarbe, Listorreta, Lau Haizeta eta San Marko sustatzea aipatu ditu.

Bukatzeko, alkateak argi utzi nahi izan du, aurkeztu direnak ez direla udal proiektuak ezta proeiktu politikoa ere, “herri proiektuak” baizik.