16 auzoko udaltzain egongo dira Errenterian herritarren zerbitzura

Auzoko Udaltzaina_aurkezpenaAtzo arratsaldean aukeztu zuen Julen Mendoza alkateak Auzoko Udaltzain eredu berria Merkatuzarren herriko hainbat eragileren aurrean.

Mendozak azaldu zuenez, udaltzaingo kontzeptu berria honen helburua, Errenterian kalitatezko udaltzaingoa izatea da: “herritarren zerbitzura jarrita, proaktibo eta prebentiboa, herritarrengandik hurbil dagoena eta haiekin inplikatuta, hurbilekoa eta beste instantzia batzuekin koordinatua”.

Horrela beraz, auzoko udaltzaina auzoko bizitzan sartu eta integratuko da, eta erreferenteak izango dira merkatari, gizarte kolektibo, elkarte, ikastetxe eta eskola ingurune eta abarretan.

Honekin batera, alkateak argi utzi nahi izan zuen, “orain hasi den prozesu bati buruz” ari zela, “datozen urteetan inplementatu eta hobetzen joango dena” eta beste herri batzuetako esperientziak oinarri hartuta, eredu propioa sortzea dela xedea. Erronka hori lortzeko herritarren parte-hartzea beharrezkoa dela ere azpimarratu zuen.

Hasteko, Udalak zenbait neurri ezarri ditu. Esaterako, 16 auzoko agente izendatuko dituzte, “2 auzo bakoitzean, bata goizez eta arratsaldez bestea”. Gainera, aldian behin bilerak egingo dituzte auzo elkarteekin haien ekarpenak jasotzeko asmoz.  Udaltzaingoaren arreta gunea Udaletxean finkatu dutela ere esan zuen Mendozak eta  gune horretan salaketak zein bestelako kudeaketak, objektu galduak kasu, egiteko aukera dagoela dagoeneko. Azkenik, bulego mugikor bat jarriko dute esperientzia pilotu gisa, auzoetan kokatuko dena proposamenak, eskaerak eta salaketak aurkezteko garaian erraztasunak emateko.