Trintxerpeko familien alde egitarau solidarioa prestatzeko lehen urratsak eman zituzten atzo

 

Trintxerperen alde bilera_800x45050 pertsona inguru bildu zen atzo, hilak 14, Merkatuzarren, eragile zein norbanako, Trintxerpeko etxeen suteak kaltetutako familiei babesa eskaintzeko ekimenak antolatzeko Udalak deitutako bileran.

Irune Balentziaga zinegotziak gidatutako bilkuraren helburua ekimen bateratu eta koordinatuak antolatzea zen. Bertaratutako guztiek erakutsi zuten Trintxerpeko bizilagunentzako dirua biltzeko euren prestutasuna eta hainbat ideia proposatu zituzten horretarako, mota eta tamaina ezberdinekoak: Fatima parrokian egingo duten otxote, soprano eta orkestra barroko baten kontzertua, Zumardian erreko duten txekorra, dantza erakustaldia Kulturgunean…

Beste eragile batzuk, berriz, urtero antolatzen dituzte ekitaldi solidarioak eta aurtengoan, bildutako dirua Trintxerpeko bizilagunentzat gordetzea erabaki zutela ere jakinarazi zuten.

Jasotako ideia guztiekin egitarau solidario bat eratzea proposatu zuten parte-hartzaileek eta martxoa hautatu zuten ekimenak kontzentratzeko hilabetea.

Hilabete solidarioari amaiera emateko, gainera, horretarako prestatutako kutxekin kalera atera eta herriko auzo guztietan diru-bilketa egitea proposatu zuten. Ekimen konkretu hau prestatzeko bilera deialdia ere egin zuten. Hala, laguntzeko prest dagoen herritarrak urtarrilaren 28an bilduko dira, 20:00etan Merkatuzarren.

Halaber, beste ekimen solidarioren bat prestatzeko asmoa duten herritarrek Kultura departamentuaren kultura@errenteria.net helbide elektronikora bidal ditzakete euren proposamenak, bertatik egitarau solidarioan barnera ditzaten.