Oarsoaldea Euskal Eurohirira batu da

Eurohiriaren aurkezpena_800x530Euskal Eurohiriko batzarrak Oarsoaldearen batzea onartu zuen ostiralean, hilak 7, Baionatik Donostiara doan hiri multzoan falta zen eskualde bakarra. Eurohiria osatzen duten eskualdeetako arduradunek, San Marko Gotorlekuan bildurik, modu positiboan balioetsi zuten Oarsoaldearen batzea.

Ekitaldian, beste hainbat agintariren artean, Martin Garitano diputatu nagusia, gaur egun Eurohiriaren lehendakariordea dena; Eurohiriaren ko-gerente diren Jean Grenet eta Jon Peli Uriguen; Hendaiako alkatea, Jean Baptiste Salaberry; Michel Hiriart, Biriatuko alkatea eta Sud-Pays Basque aglomerazioaren lehendakaria. Bertan izan ziren, gainera, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, Jose Antonio Santano Irungo alkatea, Julen Mendoza Errenteriako alkatea eta Ainhoa Zabalo Lezoko alkatea eta Oarsoaldea Garapen Agentziako lehendakaria.

“Gaurkoa egun garrantzitsua da Euskal Eurohiria proiektu bateratuarentzako. Hutsune bat gelditzen zitzaigun, hutsune garrantzitsu bat, Oarsoaldea, eta orain jada komunitate honen partaide da” ohartarazi zuen batzarraren buru izan den Martin Garitano diputatu nagusiak.

Oarsoaldeari zorionak eman behar zaizkio, talde honen gainontzeko kideek bere batzea Eurohirian gogoz txalotu baitute. Ikuspen handiagoa ematen dio. Eta, aldi berean, Eurohiriari zorionak eman behar zaizkio gauzak aurrera eramateko gogoz dagoen kide berri bat hartu duelako, guztion artean saiatzen ari garen bateratutako eremu honen aldaketara batzeko gogoz” gehitu du Garitanok.

“Eurohiria orain hiriagoa eta indartsuagoa da, 70.000 biztanle berri gehitu ondoren. Jada 600.000 pertsona gara, eta horrek Europan ikuspena ematen digu, eta beste modu batetara gainditu ezin genituen erronkak gainditzen laguntzen digu. Erronkak mugikortasunaren eremuan, erronkak ingurumenaren eremuan, gizarte kohesioaren eremuan” ziurtatu zuen diputatu nagusiak.