Hitzaldia: Giza eskubideen aldeko borroka Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan

Hitzaldia iragartzen duen kartela.
Hitzaldia iragartzen duen kartela.

Datorren maiatzaren 29an Ahmed Ettanji kazetari saharrak “Giza eskubideen aldeko borroka Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan” hitzaldia eskainiko du Errenteriako Reina aretoan 18:30ean.

Euskal Fondoak antolatuta, inguruko udalerrietan eskaintzen ari den hitzaldi sorta batean kokatzen da jarduera, eta bertan, Ettanjik Sahara okupatuak bizi duen egoera azalduko du.

Ekintza aurrera eramateko, Errenteriako Udaleko kultur aniztasuna, garapenerako lankidetza eta giza eskubideen azpisailaren eta Oiartzungo Sahararren lagunen El Watan elkartearen laguntza izan dute. Hitzaldia zabalik egongo da interesa duen edonori.

Ahmed Ettanji Aaiunen jaiotako gaztea da. Hainbat alditan atxilotua eta torturatuta, gaur egun Equipo Mediático taldearen buru da eta giza eskubideen saharar elkarteen koordinadoraren kide. Izaera politiko eta sozialeko jardueretan parte hartu du aktiboki, kausa sahararra Euskal Herrian, Espainian, Italian, Suitzan, Aljerian eta Senegalen hedatuz.