Gamon Zumardia kultura ezberdinen topaleku bihurtuko du bihar Munduko Arrozak jaialdiak

Munduko_arrozakMunduko Arrozak kulturen arteko jaialdia dela eta, herrialde ezberdinetako kulturaz eta gastronomiaz gozatzeko aukera egongo da bihar, hilak 13, Gamon Zumardian.

Oarsoaldeko SOS Arrazakeriak antolatuta, jaialdiak, jatorri ezberdinetako jendea bilduko du eta arroza izango du protagonista, herrialde askotako gastronomietan oinarrizko jakia. Gauzak horrela, euren jatorrizko herrialdeetan egiten den bezala edo beren erara prestatuko dituzte arroz platerak hamar herrialdeetako parte hartzaileek: Kuba, Ghana, Honduras, Nepal, Nikaragua, Nigeria, Palestina, Paraguay, Dominikar Errepublika eta Senegalekoek. Horrez gain, jaialdian esku hartuko duten elkarteak lau izango dira: Aljarafe, Batasuna, Mikelazulo eta Kolore Guztiak.

Musikaz lagunduta, goizeko 11:00etan ekingo diote egitarauari, orduan hasiko baitira arroza prestatzen. Prestaketa saioa trikitiaz alaituko dute 12:00etan eta 12:30etan Kantu Jira ere pasako da bertatik. Hain zuzen ere, epaimahaiak orduan egin beharko du bere lana. Epaimahaiaren ondoren, herritarren txanda iritsiko da, 2 euroren truke nahi adina arroz jateko aukera egongo da. Azkenik, 13:45ean, jakinaraziko du epaimahaiak bere epaia eta jaialdiari amaiera emateko bertso saioa egingo dute 14:00etan.