Cadiztik datorren parranda

Txirigoten II. Jaialdia ospatuko da asteburu honetan Errenterian, eta Cadiztik etorritako bi talde izango dira herrian. Euren egonaldiari gaur, hilak 26, eman diete hasiera 13:00etan Udalean egin zaien harrerarekin. Umorea ez da falta izan lehenbiziko momentutik.

Jaialdiaren baitan bi ikuskizun eskainiko dituzte txirigotek Niessen Kulturgunean. Horietariko bat gaur izango da, hilak 26, arratsaldeko 19:30ean. Bestea, berriz, bihar; kasu honetan, 20:00etan. Bi emanaldi hauetarako sarrerak salgai daude 12€tan Cine Reyna eta Sindikato tabernetan, edota Niessengo harrera bulegoan. Leihatilan ere erosi ahal izango dira, orduan, 15€ren truke.

Emanaldiez gain, ezohiko afari bat ere antolatu dute jaialdi honen baitan. Txirigotak eta otxoteak elkartuko dituen afaria da, hain zuzen. Izan ere, Cadizeko bi taldeak eta Errenteriako Karnaba otxotea elkarrekin egongo dira mahaiaren bueltan. Kantuan aritzeko bi forma ezberdinen isla direla azaldu dute antolatzaileek, batzuen zurruntasuna eta besteen txantxetarako gogoa nabarmenduz. Bien arteko zubilanak egiteko, berriz, Fredi Paia bertsolaria egongo da. Afaria 20 euro kostatuko da eta izena, 652 776 818 deituta edo txusko07@yahoo.es helbidera idatzita eman ahal da.

Jaialdian parte-hartuko duten bi txirigota taldeak

Alde batetik, “Chirigota del Love y el cabra” taldea egongo da herrian. Tradizio luzeko txirigota da honakoa duela 30 urte sortu zenez, eta bere ibilbidean sarri lortu du Cadizeko inauterien baitako norgehiagokan lehenengo postuetan egotea. Hain zuzen ere, Cadizeko inauterien sukarra Errenteriaraino ekarriko dute euren “El que entra no sale” ikuskizunarekin (bigarren postuan geratu dira ikuskizun honekin aurten). Izan ere, inauterietako sindromeak sendatzen dituen kontsulta psikologiko bat du istorioak ardatz. Horrez gain, aipatutako ibilbide oparoaren antologia bat ere eskainiko dute euren kopla onenekin.

Errenteriara etorriko den bigarren taldea, berriz, “Javi el Canijo” kuartetoa izango da eta Mary Poppins-en istorioan oinarritutako “Los niños de la Mary” ikuskizuna eskainiko du. Hauek, Cadizko inauterietan kuartetoen modalitatean aritzen dira (Bigarren geratu dira aurten herrira ekarriko duten ikuskizunarekin). Antolatzaileen esanetan, hau izan daiteke Cadizeko inauterietan dagoen modalitate zailena kopla, bakarrizketa, inprobisazioa… nahasten dituenez.

Harrerako hainbat momentu jarraian, asteburuan euren ikuskizunetan eskainiko dutenaren aurrerapen gisa. Esker onez, Errenteriako Concha Rociera elkarteak txistulariekin batera ere abestu diete txirigotei:

 

 

Harrerako argazkiak: