Beraun-Kaputxinoetako igerilekuetan luzatu egingo da udako denboraldia

Udako denboraldia gaur hasi da Errenteriako igerileku guztietan. Fanderiako instalazioak ekainaren 15etik daude zabalik, Beraun-Kaputxinoetako igerilekuak, aldiz, bertan egiten ari ziren lanetan egondako atzerapenagatik gaur ekin diote denboraldiari (hilaren 19an ziren, berez, zabaltzekoak). Bitarte horretan herritarrei eragindako eragozpenen jakitun eta bizilagunek igerilekuen itxiera atzeratzeko egin dituzten eskaerei erantzunez, Udalak zein Kirol Patronatuak denboraldia luzatzea erabaki dute.

Aurretik ere denboraldia luzatzea aurreikusten zuten, izan ere, lehengo urtearekin alderatuz, aurten beste aste betez izango dituzte zabalik igerilekuak, irailaren 13ra arte, hain zuzen ere. Dena den, Beraun-Kaputxinoetako igerilekutan denboraldiaren hasiera atzeratu egin denez, kasu horretan, itxiera data horri beste astebete gehitzea adostu dute. Beti ere eguraldiak eta baldintzek horretan laguntzen badute.

beraun_kaputxinoak_igerilekuak