Bidasoaren bi aldeen arteko mugikortasuna errazten duen plataforma

9836359_300x300Aurtengo udaran txangoak antolatu nahi dituzten, zein eguneroko bizitzan Bidasoaren bi aldeak zeharkatu behar dituzten horien joan-etorriak errazteko sortu du transfermuga.eu web ataria, Akitania Euskadi Euroeskualdeak bultzatutako Transfermuga dinamikak.

Sarri bidaia bat egiteko enpresa ezberdinak, ordutegi ezberdinak eta prezio ezberdinak ditugu aukeran, bidaia antolatzeko eginbeharra are gehiago zailtzen da, gurea bezalako herri batean, non, bi administrazio ezberdinen garraio sistemak hain gertu ditugun. Bada, mugaz haraindiko joan-etorrien eskaintza horiek guztiak plataforma bakar batean biltzea, guztiek ezagut ditzaten da aipatutako atariaren helburua. Gauzak horrela, bizikletaz, autoz, itsasontziz, trenez, hegazkinez edo autobusez eskuragarri dauden eskaintzei buruzko (prezioa, ordutegiak, planoak…) informazioa biltzen du plataformak. Administrazioaren enpresa zein ekimen pribatuko enpresen zerbitzuak, biak, jasotzen ditu eta euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz dago erabilgarri.

Oraingoz, lehentasuna Baiona-Donostia ardatzari eman diote baina sustatzaileen helburua, pixkanaka departamendu mailako (Gipuzkoa – Pirinio Atlantikoak) mugikortasun-eskaintzari buruzko informazioa jasotzen joatea da, eta, ondoren, eskualde mailakoa (Akitania-Euskadi).

Sustapen bideoan, Errenteria

Hain zuzen ere, webgunearen bidaia kalkulagailua aurkeztu eta ezagutarazteko bideoan, Errenteria ere ageri da, bertako Dantza Gunera gerturatzen delarik iparraldetik datorren bikote bat. Ikusi hemen:

Informazio gehiago: http://www.transfermuga.eu/eu/