Zabor-birziklapen portzentajea 10 puntu igo da, eta gaur gaurkoz %41,7koa da

EkoaktiboaBertikalaRGBJoan den ekainean, zabor-birziklapen portzentajea %41,7 izan zen Jose Cruz Legorburu Errenteriako Mendi eta Ingurumen Departamentuko zinegotziak jakinarazi duenez. Pozarren agertu da datuarekin, izan ere, azaldu du 2014ko zabor-birziklapena %31,3 izan zela.

Zabor-birziklapenean izandako 10 puntuko igoera hori, gai organikoa biltzeko jarritako zaborrontziarekin lotu dute Errenteriako Mendi eta Ingurumen Departamentuan. Herritarrek Udalak zabarrontzia jartzeko egindako kanpaina eta ahalegina ere eskertu dituztela uste du.

Ildo horretatik, “zaborrontzia behar bezala erabiltzen” dela adierazi du Legorburuk, dena den, “hobetu beharrekoak” ere badaudela erantsi du. Horren haritik, Udalaren helburua 2016an birziklapena %60 izatea dela adierazi du.

Helburu hori erdiesteko, berriz, Udalak urratsak emango dituela aurreratu du eta denbora gutxi barru udal organoetan eztabaidari ekingo diotela,Errenteriako hiri hondakin solidoak prebenitzeko plana” onartzeko. Prebentzio plan horrek hainbat alorretarako jardunbidea ezarriko du, horien artean, jarraian datozenak:

1) Zabor ugari sortzen den sektoreetan prebentzioa sustatzea (komertzioak, udal zerbitzuak, etab.).

2) Lan ildoak ezartzea herritarrak sentsibilizatu, informatu eta kontzientziatzeko.

3) Konpost egiteko politikak bultzatu eta zabaltzea, banan-banakakoak nahiz komunitarioak.

4) Zaborrak berrerabiltzea sustatzea.

5) Urratsak ematea jaietan eta ekitaldietan “zero zaborra” lortzeko.

Prebentzio planak hasierako idazketan Errenteriako herri- eta gizarte-erakundeen lankidetzarekin jardun du, eta, arestian aipatutako alorren arabera neurri sorta bat ezartzeko balio behar duela adierazi du Legorburuk. Era horretan, herrian sortutako zabor bolumena gutxitzea espero dute batetik, eta zabor horien birziklapen tasak igotzea bestetik; 2016an %60ko birziklapena lortzeko helburua betetzeko.