Irakurri, gozatu eta askatu (baita udan ere)

Apirilean eman genuen Errenteriako Udalak eta Liburutegiak estreinatu zuten Bookcrossing espazio ofizialaren berri. Bookcrossing-a mundu mailan liburuak “askatu” eta eskuz esku, zirkulazioan jartzeko ekintza da. Gauzak horrela, norbanakoek, instituzioek… liburuak leku publikoetan utzi ditzakete, eta liburua gustuko duenak jaso, irakurri eta erabili ondoren, berriz ere leku publiko batean utzi, hurrengo batek ere liburu hortaz goza dezan. Irakurleen apala apur bat hustu eta kaleak, parkeak, herriak… liburutegi erraldoi bihurtzeko modua da, beraz.

Irakurketa sustatzeko grinak bultzatuta jarri dute ekimena martxan arduradunek. Horretarako, bada, espazio ofizial bat, udaletxearen sarreran  dagoen apalategia (Sarrera Erregistroaren ondoan), Errenteriako Udal Liburutegiak eta Udal Artxiboak “askatutako” liburuak hartzeko edo uzteko (guztira, 164 liburu askatu ditu dagoeneko Udal Artxiboak). Horrez gain, sustatzaileek Euskotreneko erdiguneko geltokian ere uzten dituzte  igerilekura, oporretara, hondartzara edo trenean lanera bidean bidaide izango duen irakurle bat topatzeko. Dena den, ez da beharrezkoa, ezta derrigorrezkoa ere, liburua zuk hartutako leku berean uztea; hau da, edozein leku publikotan utz dezakezu behin irakurrita (parkean, igerilekuan, plazan…).

BookCrossing_topoa
Liburu bat herriko erdiguneko Euskotreneko geltokian irakurle baten zain.
IMG_1330 (2)
Errenteriako BookCrossing espazio ofiziala udaletxeko sarreran.

Bookcrossing-aren hiru urratsak: Etiketatu, partekatu, jarraitu

Bookcrossing proiektuak liburuak erregistratu ahal izateko webgunea dauka. Webgune horretan liburuak nola askatu ditugun zehaztu eta non topatu daitezkeen azalduko dugu. Horretarako, hiru urrats sinple: etiketatu, partekatu eta jarraitu. Etxeko apaletatik atera dugun edo kalean zehar bilatu dugun liburuak zer-nolako ibilbidea egin duen ikusi ahal izango dugu modu horretan:

– 1. urratsa. Etiketatu: http://www.bookcrossing.com/ webgunean liburuetarako etiketak sortzen dira, horrela, liburua nora joan den jarraitzea ahalbidetuko digun BCID identifikazio-zenbakia sortuz.

– 2. urratsa. Partekatu: 3 modu daude:

1) Liburua nahi duen norbaiti utz diezaiokegu (ezagutzen dugun bati utzi, webgunean liburua nahi duen norbait bilatu eta hari bidali…)

2) Edonon uztea partekatzeko beste modu bat da. Liburua BCID kodearekin parkean, geltokian, igerilekuan… utzi besterik ez da egin behar (etxeko apala ez den edozein lekutan).

3) Eremu ofizial delakoetan utzi daitezke ere; liburuak utzi eta jasotzeko alta emandako lekuak dira. Errenteriako Udaletxeko Sarrera Erregistroan esaterako, bertan liburuak utzi eta hartzeko apala jarri dute.

– 3. urratsa. Jarraitu: Norbaitek liburua jasotzen duenean, garrantzitsua da etiketako kodea (BCID) Bookcrossing webgunean sartzea, horrela, askatutako liburuak mundu guztian jarraitu daitezke. Zuk utzitako liburua, edo beste batek utzi eta zuk hartu duzun horrek, nolako ibilbidea egin duen jakin ahal izango duzu modu horretan.

1. Etiketatu

2. Partekatu

3. Jarraitu

Argibide gehiago izateko edo azaldutako pauso horiek ematen laguntza behar baduzu, Udal Artxibategira jo dezakezu (Xabierrez galdetu). Horrez gain, irailetik aurrera liburutegira ere gerturatu zaitezke, han beste gune ofizial bat dago (abuztuan zehar Udal Liburutegia itxita dago).