Koldo Mitxelena gogoan, bere jaiotzaren mendeurrenean

koldomitxelena--575x323Bihar, hilak 20, Koldo Mitxelena Elissalt jaio zela ehun urte beteko dira. Goiko kaleko otargile edo xexteroaren eta Joxepinaxiren semea, itzal handiko pertsona izan zen Mitxelena, hizkuntzalari, idazle, kulturgile, pentsalari eta euskaltzaina. Gaur gaurkoz ere iturri emankorra da berak utzitako ondarea.

Bidegile izana aitortzen zaio Mitxelenari, euskara batuaren gidari eta bultzatzaile nagusia izan zenez. Euskalkietan idatzitako literatura tradiziotik abiatu eta eredu bakar eta oso baten proposamena egin zuen. Ez Mitxelenak bakarrik, baina har gabe ezin.

Euskararen alor guztiak ukitu zituela zehazten dute, halaber, Henrike Knörrek, Jean Haritxelharrek eta Mikel Ugaldek Koldo Mitxelena, Bidegileak bilduman: “ (…) Batere gehiegikeriarik gabe esan daiteke Mitxelena izan dela euskalari gorena. Euskararen iker-alor guztiak ukitzen zituen, gainera, hots, linguistika eta filologia, literatur kritika, etab.”

Urte guztian zehar modu ezberdinetan gogoratu eta plazaratuko da bere obra eta bizitza, Mitxelenaren ondarean aditu den Elixabete Perez Gazteluk dioen moduan “giza zientzietan Errenteriaren izena jarri zuen herrikidearen” obra eta bizitza.

suplemento 2015.inddEtorri altzea?

Errenteriako Goiko Kaleko 6. zenbakian sortu eta makina bat sartu irten egin zituen handik bere bizitzan zehar, gerra, ikasketak eta beste arrazoi batzuk tarteko. 1915ean, Mitxelena jaio zen urtean, Errenteria, industrializazioaren eredu zen Gipuzkoan, Tejidos de Lino edo Papelera ditugu horren adibide. Etorkinak herrira heltzearekin batera demografian izandako aldaketek pentsamendu ezberdinetako biztanleria anitza osatzen zuten.

Bost urte zituela orkatilean sortutako gaitz batek hiru urte luzez etxean sartuta izan zuen Mitxelena. Hanka lur gainean jarri ezin zuelarik eskolara joan gabe eta kalera irten ezinik, irakurtzea eta idaztea bihurtu zen umearen akuilu. Gaitzetik sendatuta, afizio horrekin jarraitu zuen bere adineko haur baten bizitza egiten.

Ikasketekin jarraitu eta batxilergoa amaituta zuela lehertu zen gerra, berak 21 urte bete gabe zituenean. Eusko Gudarostean eman zuen orduan izena, batez ere, errenteriarrez osatuta zegoen “Itxarkundia” batailoian. Gerra galduta, espetxean sartu eta ia zortzi urte pasa ziren Errenteriara itzuli zenerako. Goiko Kaleko 6, zenbakira bueltatu zenean, amak, “Etorri altzea?” galdetuz egin ziola harrera kontatuko zuen gerora.

Lanak behartuta berriz utzi zuen jaiotetxea eta Madrilera joan zen, kontu eramaile gisa lanera. Bertan egin zituen Filologia Klasikoko ikasketak. Beste kartzelaldi bat ere pasatu behar izan zuen han. 1949an, Matilde Martinez de Illarduiarekin ezkonduta, Errenteriara itzuli eta Goiko Kaleko jaiotetxean bizitzera itzuli zen. Bertan hazi zituzten seme-alabak.

Salamancan katedra lortu eta hara joan zen gerora eta Pariseko Sorbonatik ere pasa zen ondoren. Euskal Herriko Unibertsitatearen sorreraren garaian, Euskal Herrira itzuli zen atzera.

Mitxelenak asko estimatzen zuen Errenteria berak kontatzen zuenez. Era berean, bere herrikideek ere asko estimatzen zuten Mitxelena, berari buruzko idatzietan islatzen denaren arabera, lehengoetan eta baita gaur egunekoetan ere. Ezin ahaztu bere izena daraman ikastetxea eta ikerketa beka ere. 1987An hil zen Donostian, urte berean Errenteriako Udalak herriko seme kuttun izendatu zuen.

Urteurrenaren harira

Urte guztian zehar adin ezberdinei begira hainbat ekintza aurreikusten dira Mitxelenaren ezagutzan sakondu eta bere obrari gorazarre egiteko. Horien artean dago, aurtengo Oarso Aldizkariak haren inguruan ekartzen duen gehigarria, Elixabete Perez Gazteluk koordinatua. Argitaralpen horretan biltzen dira Mitxelenak jorratutako iker-arloak: linguistika eta filologia, literatur kritika, ahoskera, hiztegintza etab.

Horrez gain, Saretuz proiektuak aurreko ikasturtean Mitxelenaren bizitza eta obra ezagutarazteko egindako lanketa dago eta ezin aipatu gabe utzi EMKE Bandak bere inguruan egindako San Inazioko kontzertua.

Aurrera begira ere, badira aurreikusita dauden beste ekintza batzuk ere. Udaletik adierazi dutenez, ipuin bat argitaratzea aztertzen ari dira Mitxelenaren inguruan eta baita zinemaren munduarekin lotura duten ekintzak ere, zine kritika esanguratsuak idazten zituenez.

Jakin mina duenak beheko esteka horietan bere bizitzaren eta obraren inguruan gehiago ezagutu dezake:

1-Oarso Aldizkariarem Gehigarria Koldo Mitxelenari buruz: Gehigarria-Suplemento-Koldo Mitxelena

2- Errenteriako Udaleko web orrian zintzilikatutako biografia:

http://errenteria.net/eu/html/1/1005.shtml

3- Koldo Mitxelena Kulturguneak, izena zor dion autoreari buruz egindako bideoa:

4- Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Bidegileak bildumaren baitan Koldo Mitxelenaren argitalpena, Henrike Knörrek, Jean Haritxelharrek eta Mikel Ugaldek idatzia.

http://www.euskara.euskadi.net/appcont/sustapena/datos/mitxel.pdf ]