Errenteria “etxe kaleratzerik gabeko herria” izendatu dute

plenoa_STOP_DESAHUCIOSEtxe kaleratzerik gabeko herriak nahi ditu Kaleratzeak Stop plataformak. Eta bide horretan, atzoko Udalbatzaren Ohiko Bilkuran mozioa aurkeztu zuen EH BILDU eta Errenteria IrabaziZ taldeen babesarekin. Mozioak aurrera egin zuen bi talde horien eta PSE-EE-ren aldeko botoekin eta EAJren abestentzioarekin.

Etxe kaleratzeen aurkako plataformako kideak plenoan bertan izan ziren. Joseba Salegi taldeko kideak hartu zuen hitza eta mozioa bera aurkezteko aukera eman izana eskertu zion udalari. Era berean, aurreko legegintzaldian udalak egindako lana ere eskertu nahi izan zuen Salegik. Bide beretik hitz egin zuen Julen Mendoza alkateak ere, eta Kaleratzeak Stop-ek etxe kaleratzeen aurka egindako lana goraipatu zuen.

Bestelako gaiak ere jorratu zituzten atzokoan. Esaterako, legegintzaldi honetarako udalak duen “apostu nagusietako” bat mahaigaineratu zuten, kale garbiketarena, hain zuzen. Inbertsio handia egin nahi du udalak, guztira kale garbiketan urtean 500.000 euro gehiago bideratzea aurreikusita dago. Atzoko plenoan kontratazio proposamena onartu zen.

Urgentziazko mozioa

Orereta Ikastolak eta Errenteriako Udalak Santo Angel de la Guarda eraikinaren erabilera uzteko sinatutako hitzarmenaren gainean EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epaia dela eta EH BILDU eta Errenteria IrabaziZ taldeek urgentziazko mozioa aurkeztu zuten atzoko plenoan, gaiak duen “larritasuna” dela eta.

Mendozak adierazi zuen epai honen ondorioek ez diotela soilik Orereta ikastolari eragiten, Udalak elkarteren bati utzitako lokal guztiei baizik. Era berean, Errenteriako alkateak gogorazi zuen gai honen inguruan hartutako erabaki guztiak teknikarien txostenen babesarekin eta Udalbatzaren erabakian oinarrituta hartu dituela Udalak.

Eztabaida gogor eta luze baten ostean, mozioa aurrera atera zen aldeko 14 botorekin eta PSE-EE alderdiaren kontrako 7 botorekin.