Aitzol Gogorzaren askatasuna eskatu dute Errenteriako hamarnaka ordezkari publikok

IMG-20151003-WA0001Ideologia ezberdineko Errenteriako Udaleko ordezkari publiko izandako zenbait, baita oraindik ere badiren beste hainbat, Aitzol Gogorza preso errenteriarrak bizi duen egoera salatu eta honen askatasuna eskatzeko bildu dira. “Maila pertsonalean, Giza Eskubideen defentsan” egindako agerraldia dela azaldu dute, eta euren kezka helarazi dute Gogorza larriki gaixorik badago ere, kartzelan jarraitzen duelako.

Gogorzak nahasmen obsesibo konpultsiboa du. Estatu frantsesean atxilotu zuten 1999an eta bertan berriro agertu zitzaion gaixotasun hori, ondorioz asistentzia psikiatriko espezializatua behar izan zuen. 2011ko ekainean, berriz, Espainiako estatura eraman zuten, eta urte bereko urrian gaixotasuna larriagotu zitzaion, obsesio konpultsio aldi larriekin. Egoeraren larritasuna zela eta, 2013ko azaroan Basauriko espertxera eraman zuten, non suizidio arriskuentzako 24 orduko laguntza protokoloa ezarri zioten. Preso errenteriarraren egoerak azken urteetan okerrera egin du eta zenbaitetan ingresatu behar izan dute Basurtoko ospitalean. Gainera, krisialdiekin batera bere buruaz beste egiteko saiakerak tartekatzen dira. Eta suspertze maila gero eta apalagoa dela azaldu dute gaurko agerraldian bildutakoek. “Itzuliezineko egoera batera iristeko arrisku erreala” dagoela adierazi dute.

Bide beretik, iazko urte hasieran Espainiako Auzitegi Nazionalak Bilboko epaitegiei beste osasun txosten alternatibo bat eskatu zien, aurreko txostenetako arrazoi kontrajarriak medio, eta agerrialdian bildutakoek gogorarazi dute hirugarren txosten horrek Gogorzaren larritasun egoera onartzen duela.

Hori guztiaren ondorioz, eta “arrazoi humanitarioak” tarteko, gaur bildutakoek Gogorzaren askatasuna eskatzearekin batera atxikimendua helarazi diete xede hori lortzeko instituzio ezberdinek egin ditzaketen ekimen ezberdinei.