Errenteriako Udalak Hassanna Aalia gazte sahararrari babesa adierazi dio

Aalia Oiartzungo pleno aretoan
Aalia Oiartzungo pleno aretoan

2015eko urtarrilean Espainiako Gobernuak asilo politikoa ukatu zion Hassanna Aalia ekintzaile sahararrari, eta honek helegitea jarri zuen erabaki horren kontra. Halere, Auzitegi Nazionalak kanporatze agindua behin-behinean bertan behera utzita bazuen ere, pasa den asteartean atxilotu zuten Burgosen. Ordu batzuk geroago askatu zuten, eta hamabost egun eman dizkiote espainiar estatua uzteko. Agindu honen aurkako helegitea ere jarriko du Aaliak.

Egoera “larria” dela eta kanporatze agindua gertatuz gero Hassannak “atzeraezinak” izan daitezkeen ondorioak jasan ditzakeela iritzita, Errenteriako Udalak aho batez onartu du 2015ek otsailaren 4an egindako adierazpen instituzionala berrestea. Adierazpen honetan, gazte saharrarai babesa eta elkartasuna adierazteaz gain, Espainiako barne-ministroari gai honetan esku hartzeko eta Aaliaren asilo politikoko eskaera berriz aztertzeko eskatzen dio Errenteriako Udalak. Era berean, Marokoko gobernuak Mendebaldeko Saharan “giza eskubideak urratzen dituelako arduratuta” daudela aipatzen du.

Aaliaren egoera

Hassanna Aaliak 2010ean Gdeim Izikeko kanpamentuko protesta baketsuan parte hartu zuen. Honen harira, epaitu eta lau hilabeteko espetxe-zigorra ezarri zioten. 2011ko urrian Bilbora joan zen ikasketa-beka batekin, eta Aaiunera (Mendabaldeko Sahara) itzultzeko gutxi falta zitzaionean, Marokoko auzitegi militar batek beste 24 lagunekin batera epaituko zuela jakin zuen. Ondorioz, Bilbon geratzea eta Espainiako Gobernuari asilo politikoa eskatzea erabaki zuen.

2013ko otsailean aipatutako Auzitegi Militarrak, bera epaiketan egon gabe ere, biziarteko kartzela-zigorra ezarri zion Aaliari. Orduz geroztik Euskal Herrian zehar zein Espainiako estatuan zehar ibili da Mendebaldeko Saharako egoera eta bere egoera ezagutzera ematen. 2015eko urtarrilean ukatu zion espainiar estatuak asilo politikoa eta kanporatze agindua ezarri zion. Une honetan agindu honen aurkako helegitearen erabakiaren zain zegoen.

Adierazpen_instituzionala