Urriaren 13an hasiko dira Alfontso XI kalea peatonalizatzeko lanak

Egun Alfontso XI.aren kaleak duen itxura
Egun Alfontso XI.aren kaleak duen itxura

Alfontso XI.aren kalea zolatzeko lanak datorren urriaren 13an hasiko direla jakinarazi du Udalak eta bi hilabeteren inguruan garatuko direla aurreikusi du. Aldez aurretik barkamena eskatu dute lan hauek sor ditzaketen eragozpenak direla eta. Helburu nagusia Alfontso XI.aren kalea oinezko eta ibiligailuen zirkulazio partekaturako espazio bilakatzea da.

Udalak aditzera eman du lanak dirauten bitartean kalea guztiz itxita egongo dela; eta beraz, zamalanetarako pasatu beharreko ibilgailuak ezingo dira sartu. Era berean, kaltetutako lokalak hornitu ahal izateko gune batzuk prestatuko dira sarreran edo irteeran.

Obra hauekin espaloien maila bereko plataforma bat lortu nahi da, eta horretarako aglomeratu asfaltikoarekin galtzada igoko da. Jarduketa galtzadan egingo da batez ere, Udalaren esanetan, kale horiek urbanizazioa, zoladura eta azpiegitura-zerbitzuak egoera onean baitituzte. Ondorioz, ez die atari eta kaleko lokaletako sarbideei eragingo.

Gune partekatua

Behin lanak amaituta, Alfontso XI.aren kalean oinezko eta ibilgailuen zirkulazioak gunea partekatuko dute. Horrela, kalea zamalanetarako eta egoiliarrentzako aparkaleku gisa erabiliko da ordutegi mugatuan, eta gainerakoan oinezkoentzako izango da.