“Gure zuhaitzak” ezagutzeko txangoa egingo du Oarsoirriak-ek

portadahoroscopocelta3Udazken betean gaudela aprobetxatuz, Oarsoirriak taldeak familiekin egiteko txango berezi bat antolatu du datorren urriaren 24 larunbaterako. Zuhaitz asko hostoak galtzear dauden honetan, taldeko kideek uste dute “gure arbasoak gogoan” ditugula, baina “jakintza asko galdu” dugula. Hausnarketa horretatik abiatu dira txangoa prestatzeko. Euren hitzetan, badira bestelako kulturak, zelta esaterako, zuhaitzen izaerari lotuta horoskopo bat osatu zutenak, eta hori mantentzen jakin dutenak.

Horrela, horoskopo zelta aitzaki hartuta, inguruko zuhaitzak behatu eta ezagutzeko jolasa egin nahi dute. 16:00etan txangoa hasiko dute Agustindarren komentuko lorategian eta Arramendin amaituko dute. Jarraian, ibilbidean ikusitako zuhaitzekin liburuxka bat prestatuko dute denon artean.

Izena emateko egin klik esteka honetan. Horretarako azken eguna urriaren 22an izango da. Antolatzaileek ohartarazi dute arropa erosoa eramatea komeni dela. Eta era berean, jakitera eman dute eguraldi oso txarra baldin badago, ekintza bertan behera geratuko dela, eta abisua e-mailez emango dutela. Errenteriar oro animatu dute txangora, “nork bere zuhaitza topa dezan”.