Eskola Agenda 21eko proposamenei erantzuna eman die Julen Mendozak

IMG_2816Haur eta nerabez bete zen atzo pleno aretoa. Maiatzean Errenteriako ikastetxe ezberdinetako ikasleek urtean zehar Agenda21en harira elikadura jasangarriaren inguruan landutakoa azaldu zioten Julen Mendoza alkateari, eta horrez gain udalari zenbait konpromiso hartzeko eskatu zioten. Eta atzo Mendozak erantzun bat eman zien ikasturte amaieran egindako proposamen guzti horiei.

Hondakin organikoak bereizteko erraztasunak eskaintzea izan zen ikasleek Udalari egin zioten proposamenetako bat. Honi erantzunez Mendozak azaldu zien martxoan hasi zirela hondakin organikoak gaika biltzen eta gaineratu zuen zenbait jatetxe eta ikastetxeekin konposta egiteko programak ere martxan daudela. Era berean, bertan ekoitzitako elikagaiak indartzeko herritarrei informazioa ematea eskatu zioten udalari. Zentzu honetan, Mendozak antolatutako bi azoken berri eman zien, bata irailean egindako nekazaritza ekologikoko 1.azoka, eta bestea pasa den asteburuan ospatu zen XI.Landalurraren azoka. Hauetan nolabait herriko ekoizleei sostengua ematen zaiela azpimarratu zuen alkateak.

Bestalde, eskualdeko produktuak saltzeko makinak jartzea eta Udalak antolatutako ekimenetan kontsumoa eta elikadura jasangarriarekin bat datozen irizpideak aplikatzea ere eskatu zioten Udalari maiatzean Errenteriako ikasleek. Makinei dagokienez, Mendozak azaldu zuen Niessen-en dagoen esne-makinaz gain, Beraun auzoan beste bat jartzea aztertzen ari direla. Irizpide jasangarriekin lotuta, aldiz, azaldu zuen, aurtengo Madalenetako herri bazkarian menu begetarianoaren aukera zabaldu zela. Gainera, Landalurraren azoka aprobetxatuz, herriko hainbat jatetxeekin ados jarri da udala bertako elikagaien menuak eskaintzeko.

Proposamen batzuk beteta, besteak betetze bidean eta gutxi batzuk aztertze bidean ditu Udalak. Baina ikasleak dagoeneko aurtengo Eskola21eko gaia lantzen hasiko dira, elikadura eta hondakinak. Eta ikasturte amaieran beste behin udalari hainbat konpromiso betetzeko eskatuko diote.