Beraungo estadioa birgaitu eta Galtzarabordako kiroldegia handitzeko proposamenak Denis Itxasori

estadio_BeraunDenis Itxsaso kultura, turismo, gazteria eta kiroletako Gipuzkoako diputatua Errenterian izan da gaur eta hori aprobetxatuz, Errenteriako Udalak datozen urteetan kirol arloan egin nahi dituen bi proiektu azaldu dizkio. Beraungo estadioa eta Galtzarabordako kiroldegiaren instalazioen egoerari buruzko informazioa eman diote memoria batean. Udalaren esanetan horiek “egoera eskasean eta gainezka” daude eta horri erantzuna emateko aipatutako proiektuak datozen urteetan egingo direnen agendan sartzeko eskatu dio Foru Aldundiari.

Beraungo estadioaren birgaitzeari dagokionez, udalak hainbat aldaketa planteatu ditu “espazioa era eraginkorragoan erabili” ahal izateko. Guztira, proiektu honek  1.900.000 euroko kostua izango du. Hala, atletismo pistako zoladura aldatuz hau berritzea, eta futbol zelaia luzatu eta belar artifiziala aldatzea dira eskaera nagusienak. Azken honekin entrenamenduetarako eta lehiaketarako egungo eskaerari erantzun nahi diote.

Era berean, eguraldi txarra egiten duenerako estadioaren iparraldea estaltzea proposatu du Udalak, baita harmailak guztiz estaltzea. Bestelako proposamenak ere jasotzen ditu proiektuak, hala nola, markesina bat eraikitzea zelaiaren sarreran, barneko banaketa aldatzea, eta sistema elektrikoa edota kanpoko komun publikoak berritzea.

Galtzarabordako kiroldegia handitzea

Bigarren proiektu honek 1.500.000 euroko kostua izango luke. Helburu nagusia “egungo pilaketari” erantzuteko kiroldegia handitu eta indoor pista bat eraikitzea da. Kiroldegiak hartzen duen ibarraren hondoan egin nahi dute, eta entrenamenduko eta lehiaketako pistak gune nagusiak izatea da Udalaren asmoa. Gainera, alde batean rokodromoa jarri nahi dute.

Udalaren esanetan, kirola ez da soilik entretenimendurako edo lehiaketarako bidea, “sozializatzeko, pertsonak balioetan hezteko eta osasuntsu egoten laguntzeko” balio du. Eta ondorioz, gaiaren garrantziaz jabetuta, euren asmoa kirola egiteko aukera izatea ezinbestekoa dela ikusarazi eta hori herriaren bereizgarri egitea da.