Hainbat neurri hartuko dira Behobia-Donostia lasterketa dela eta

BehobiaIgande honetan Behobia-Donostia lasterketa jokatuko da eta hau behar bezala gauzatu dadin Errenteriako toki ezberdinetan eragina izango duten zenbait neurri hatuko direla jakinarazi du Udaltzaingoak. Horrela, 09:30 eta 14:30 artean, Nafarroa hiribide osoa, Lartzabal biribilgunetik Kaputxinoetako tuneleko biribilguneraino, itxita egongo da trafiko mota ororentzat.

Lasterketa pasako den auzoek ere, Lartzabal, Gabierrota, Fanderia, Erdigunea, Etxeberrieta, Olibet eta Iztieta auzoak, hain zuzen, eraginen bat edo beste izango dute. Zehazki hartuko diren neurriak zeintzuk izango diren jakiteko, albistean atxikita duzue oharra.

Aparkalekuei dagokienez, horietako zenbait hustu egin beharko direnez, kirol eremuko tenis zelaia eta Papresa aparkaleku gisa egokituko dira azaroaren 7ko eguerditik hurrengo eguneko 18:00etara. Agustinetako Lousada parking-a ere egokituko da. Garraio publikoan ere zenbait aldaketa izango dira lasterketa dela eta, eta bai herri barruko zein hiriarteko autobusen ordutegiek aldaketak izango dituzte.

Aipatutako gune horietako bizilagunek ibilgailua erabili nahi baldin badute, Udaltzaingoaren agenteen, Babes Zibileko boluntarioen eta lasterketaren antolatzaileen oharrak jarraitu beharko dituzte, lasterketak hartuko dituen eremu horietatik atera ahal izateko. Iztieta eta Gabierrotan ibilgailu partikularrak ez erabiltzea gomendatu du Udaltzaingoak eta lasterketaren ibilbide osoan dauden biribilguneak Udaltzaingoak eta Babes Zibileko boluntarioek kontrolatuko dituztela azaldu du.

Ondorengo estekan tokian toki hartu diren neurriak azaltzen dira mapa baten bidez: Behobia-Donostia lasterketa mapa

Edozein zalantza argitu nahi izanez gero, Udaltzaingoarekin jar daiteke harremanetan 943 344343 telefono zenbakira deituz edo udaltzaingoa-policialocal@errenteria.eus helbidera mezua bidalita.

Hurrengo planoan aldaketa garrantzitsuenak bilduta daude:

Behobia mapa