Herriko gune historikora eta Torrekuara bisita gidatuak eskainiko ditu Udalak

Torrekua eraikina
Torrekua eraikina

Errenteriako ondare historiko eta artistikoa ezagutzera emateko asmoz, udalak bisita gidatuak eskainiko ditu gune historikora eta Torrekuara azaroaren 14 eta 15ean. Lehenengoa euskaraz, eta bigarrena, berriz, gaztelaniaz. Doakoak izango dira eta ordubete inguruko iraupena izango dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako “Ondarea bertatik bertara 2015” programaren barruan kokatzen dira bisitok.

Udaleko artxibo sailetik jakinarazi dutenez, bisitan zehar, besteak beste, Errenteriak izandako itsas iragana ezagutu ahal izango da eta garaiko harresiak eta ateak, Erdiko eta Goiko kaleetan dauden armarri eta blasoiak, eraikin nobleak, hala nola Zubiaurre Jauregia, Kapitain Etxea, Morrontxo eta Torrekua dorretxeak eta Santa Maria,  bisitatuko dira.

Gainera, bisita gidatu honetan “Torrekua” dorretxea ikusteko bisitaldi zehatzago bat izango da. Dorretxe hau XV.mendean eraiki zela uste da, eta Erdi Aroan herria inguratzen zuen inguru-harresiaren zatia zen. Udalak bitxikeria gisa nabarmendu du Torrekua zuzenean edo zeharka familia berarena izaten jarraitu zuela, ia-ia Independentzia Gerrara arte. Etxea hutsik geratu zen, eta horrela 1813an Torrekua Ingalaterrako armada aliatuak ostatu hartzeko erabili zuen.

Honako ordutegia izango dute bisitek:

  • Azaroaren 14an (larunbata): 11:00etatik 12:00etara, euskaraz.
  • Azaroaren 15ean (igandea): 11:00etatik 12:00etara, gaztelaniaz.

Plaza mugatuak izango dira eta horregatik aurrez izena ematea beharrezkoa da, azaroaren 11a baino lehen. 943449610 telefono zenbakira deituta (08:00etatik 13:30etara) edota archivo@errenteria.eus helbide elektronikora mezua bidalita eman daiteke izena. Bisita egiteko taldea osatu beharko dela azpimarratu du Udalak.