Indarkeria matxista jasan duten emakumeentzako autolaguntza tailerra

autolaguntza_taldea2Gaur hasiko da Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako Udalek elkarlanean jarritako autolaguntza tailerra. Helburua biolentzia matxista jasan eta biziraun duten emakumeentzat autolaguntza gune bat irekitzea da, “biolentzia matxistarik gabeko gorputz eta lurralde libreak sortzen laguntzea”. Emakumeak asteazkenero elkartuko dira Merkatuzarren 17:30etik 19:30etara.

Bidea errazte aldera, parte hartu nahi duten emakumeek ez dute aurrez izena eman behar, Merkatuzarrera gerturatzearekin nahikoa izango da, eta Oarsoaldeko Udalek jakinarazi dute konfidentzialtasuna bermatuko dela. Gainera, haurtzaindegi zerbitzua izango da, hau hiru egun lehenago eskatu beharko da telefono zenbaki hauetara deituz: 943 449576 (Errenteria), 943 521094 (Lezo), 943 490552 (Oiartzun) eta 943 004320 (Pasaia).

Isiltasuna apurtuz

Isiltasuna maiz egon da lotuta indarkeria matxistari. Izan ere, emakume asko dira urte luzez isilik geratu direnak. Ez da erraza isiltasun horrekin puskatzea. Eta zentzu honetan, udalek aipatu dute egitasmo honetan emakume askok islitasun horretatik askatzeko espazioa aurkitu dutela, “gune seguru, eroso, sartzen erraza eta doakoa”. Bertaratzen diren emakumeek indarkeria sexistari aurre egiteko “gako askatzaileak” ezagutuko dituzte. Baina udalek ohartarazi dute ez dela talde terapeutikoa izango, “ez da biolentzia ikuspegi patriarkal batera mugatuko”.

“Biolentzia matxistei biziraun dieten emakumeei autolaguntza gunea” Garaipen elkarteak 2011n martxan jarri zuen egitasmoa da, indarkeria jasaten duten emakumeekin lotura komunitarioak eta kolektiboak sortzeko helburuarekin. Gerora Sorburu Kooperatibak lantzen jarraitu du. Zalantza eta kezkei erantzunak bilatzeko, beldurrak bideratzeko, entzunak eta errespetatuak izateko, baliabide eta laguntzez informazioa izateko, elkar laguntzeko, indarkeriatik nola irten ikasteko, hitz egiteko eta elkar entzuteko gune gisa definitu dute udalek.