“Errenteriako inauteriek pantaila handitik kalera aterako dituzte filmak”

inauteriak_aurkezpenaHorixe iragartzen du 2016ko inauterietako kartelak. Izan ere, filmak gaia ardatz hartuta mozorrotuko dira herria eta herritarrak. Duela aste batzuk Inauterietako Batzordeak “Zertaz mozorrotuko zenuke Errenteria 2016ko inauterietan”? galdera luzatu zien herritarrei. Emandako sei aukeren artean “filmak” gaia izan da bozka kopuru gehien jaso duena. Hala iragarri zuten atzo egin zuten agerraldian. Herritarrek izan duten parte-hartzearekin oso pozik daudela adierazi zuten. Izan ere, iaz jasotako kopurua (847) “alde handiarekin” gainditu da. Aurten guztira 1370 bozka jaso dira, 486 internet bidez eta 884 paperean.

Inauteri koloretsuak

Inauterietako batzordeko kideek azpimarratu nahi izan zuten “gogoz eta gogor” lanean ari direla iaz ekindako bideari jarraitzeko, eta inauteri koloretsu eta jendetsuak izateko. Gainera, Oilarqueen, Asteme eta Katuko pertsonaien laguntza izango dutela aipatu zuten. Guztiek gozatzeko festa izan dadin, herritarren parte-hartzeari garrantzia berezia eman nahi diotela nabarmendu zuten. Eta hain, zuzen, hori dela eta aukeratu da denen artean hurrengo urteko inauterietako gaia.

Ion Collar kultura zinegotziak ere inauteri batzordean jarduten duten eragile guztiei eskertu nahi izan zien egiten duten lana dela eta. Inauteri batzordeak taberna, saltoki, koadrila zein norbanakoei dei egin die filmak gaia ardatz hartuta euren mozorroa prestatzeko. Bitartean eurak “egitarau zabala eta anitza” osatzeko lanean jarraituko dutela adierazi zuten.

Bozketa

  • Munduko kulturak: 147
  • 70. hamarkada: 193
  • Filmak: 441
  • Marrazki bizidunak: 159
  • Pottokiak: 315
  • Itsasoa: 115