Torrekua, ekintzailetza kolaboratiboaren lekuko

aurkezpena
Habian! proiektuaren aurkezpena atzo

Errenteriako Udalak Oarsoaldea garapen agentziarekin batera Habian! izeneko proiektua martxan jarriko du Torrekua eraikin enblematikoan. Guztira sormenaren eremuko 30 ekintzailerentzako tokia eskainiko da eraikinaren lau pisuetan, eta proiektuaren inbertsioa 270.000€koa da. 2016ko otsailerako Torrekua artisautza alorreko zein teknologia berrien eremuko ekintzaileen biltoki bilakatzea aurreikusten da, ekintzailetza kolaboratiboaren gune bilakatzea. Proiektu honen xehetasunak eman zituzten atzo Julen Mendoza Errenteriako alkate eta Oarsoaldeako lehendakariak, Kepa Garbizu Lezoko alkate eta Oarsoaldeako kontseilariak eta Fernando Nebreda Oarsoaldeako Zuzendari-kudeatzaileak.

Mendozak argitu zuen proiektu hau Errenteria 2025 plan estrategikoaren baitan kokatzen dela. Plan hori aurreko legegintzaldian 200 bat lagunek egindako parte-hartze prozesu batean zehaztu zen, eta besteak beste, bere helburu nagusienen artean ekonomia kreatiboa sustatzearen alde egin beharra azpimarratu zen, Errenteria ADN Kreaktiboa marka martxan jartzearekin batera.

Habian! proiektua ADN kreaktiboaren aterpean kokatzen den marka da, sormen-ekonomiaren eremuan martxan jarri nahi diren proiektuen marka. Izena bera ez da kasualitatez hautatua izan. Alde batetik, habiaren metafora, “txitoak zaindu eta handituak daudenean bakarrik hegan egiteko momentua iristearen ideia” transmititzen duela azaldu zuen Mendozak. Eta bestetik, Abian! mugimenduarekin lotuta dago, energia eta grina islatzen ditu. Bi ekimen barnebiltzen ditu: “Habian fabrika kreaktiboa” eta “Habian teknologia kreaktiboa”. Lehenengoa artisautzari lotutakoa, eta bigarrena, berriz, teknologia berriei lotutakoa. Modu honetan, espazioa konpartituta “sinergia eta ideia berriak” sor baitaitezke Mendozaren hitzetan.

“Sormena badago, baliabideak ez”

Bi proiektu hauen helburua horixe da, sormen ekonomiako ekintzaileei baliabideak eskaintzea. Ekintzaileek hasieran topatzen dituzten oztopoak murriztea, hala nola, alokairuen ordainketan, ekipamenduetan etab. Batetik, Habian! teknologia kreaktiboan, teknologia berrietan espezializatuak diren eta laguntza eta aholkularitza jasotzen duten edota sortze-fasean dauden proiektuak elkarrekin biziko direla azaldu du Fernando Nebredak. Felix Vela eta Jon Bengoetxea ekintzaile ezagunak bertan izango direla azpimarratu nahi izan zuten. Bestetik, Habian! Fabrika Kreaktiboari dagokionez, elkarlanean aritzeko tailerrez osatuko da proiektua, sormenezko ofizioetan oinarritua (ehungintza, bitxigintza, zeramika etab.). Eta bereziki tresneriarekin izan ohi duten hutsuneari aurre egingo diote ekimen honekin.

Halere, atzoko aurkezpenean nabarmendu nahi izan zuten, enpresa hazitegi moduan ulertzen diren momentutik, epe mugatua izango dutela bertan arituko diren proiektuek. Helburua gero Torrekuatik atera eta ingurura zabaltzea delako. Pasaiako Badiaren eta inguruko biziberritze beharrari erantzunez.

Sarea

Torrekuan abiatuko den proiektu honekin asmoa eskualdean “inkubagailu sare sendo” bat jartzea dela adierazi zuen Kepa Garbizuk. Zentzu honetan, Mendozak adierazi zuen Elkarlanerako eta Sektore Anitzetarako Ekintzailetza Poloa osatzen duten ekimen batzuk martxan daudela dagoeneko. Esaterako, Oarsoaldea garapen agentziaren ekintzailetzarako hazitegia, zeinak urtean 40 mikroenpresa inguru martxan jartzeko laguntza eskaintzen duen. Eta Angel de la Guarda zentroan kokatutako industria teknologia aurreratuan espezializatutako hazitegia. Azken hau abenduan jarriko da martxan, iaz Tknika, Don Bosco eta Oarsoaldearekin sinatutako hitzarmen baten harira.

“Irekiera bokazioa”

Mendozak azaldu zuen proiektu hauek irekiera bokazioarekin jaio direla, eragile publiko zein pribatu berriak jasotzeko prest. Aurkezpenekin hasi dira eta datozen hilabeteetan erakunde publikoei, hezkuntza-erakundeei, Lanbide Heziketa zentroei, sektorearekin lotura duten elkarteei eta abarri aurkeztuko zaie. Horrela, Torrekua eraikina otsailean inauguratuko bada ere, lehen proiektuak apirila aldera sartzea espero da.

Era berean, Mendozak aipatu du proiektu honetan erakunde askok hartzen dutela parte eta egindako lana eskertu nahi izan die. Hala nola, Forvo, Diversius eta Tumaker enpresa traktoreak; Tknika, Don Bosko, AEG Ikastetxea eta EASO Politeknikoa; Artiola eta baita EHU-UPV, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza ere.