Siriako errefuxiatuen aldeko elkartasun kontzertua, EMKE eta AMAren eskutik

kontzertu_solidarioa_aurkezpena
Mitxelena, Mendoza eta Juanbeltz kontzertua iragartzen

Siriako errefuxiatuek bizi duten “egoera lazgarrian, babesa eta laguntza” eskaintzeko asmoz, elkartasun kontzertua antolatu dute Errenteriako Musika Kultur Elkarteak eta Andra Mari Abesbatzak datorren azaroaren 20rako (ostirala) 20:30ean Fatimako Parrokian. Santa Zezilia egunaren harira, musikaren inguruko eragile askoren artean antolatutako egitarau zabalaren baitan kokatzen den kontzertuetako bat da elkartasun kontzertu hau.

Kontzertuaren sarrerekin jasotako dirua ACNUR Gobernuz Kanpoko Erakunderen bidez bideratuko dute, Udalaren laguntzaz. Hala adierazi zuen Josu Mitxelena EMKE-ko lehendakariak, Arantzazu Juanbeltz AMA-ko presidente ordearekin eta Julen Mendoza alkatearekin batera egindako aurkezpenean. Mitxelenak eliza bete nahi dutela azpimarratu zuen, bere esanetan “Errenteria herri solidarioa izan da beti”, eta gai honetan ere herriaren elkartasuna bildu nahi dute. Era berean, herriari egiten dioten “ekarpena musikala” dela eta EMKE-ri eta AMAri eskerrak eman zizkien Mendozak, baina bereziki kontzertu solidario honekin dirua biltzeaz gain, nolabait herritarrengan “kontzientzia piztea” lortuko dutelako.

Kontzertu berezia

Duen solidario izaeragatik ez ezik, bestelako kontuengatik ere izango da berezia datorren ostiraleko kontzertua. Alain Ayerdi Gurpegi eta Jose Antonio Pascual Puy izango dira zuzendariak, eta Mitxelenak aipatu zuen bi horien eskua “nabaria izango” dela. Kontzertua “modernoa” izango da, eta sorpresa bat prestatu dutela aurreratu zuen Mitxelenak. Gainera, Jose Manuel Mitxelena AMAko kide izandakoari omenaldia egingo diotela azaldu zuen Juanbeltzek. Aurtengo maiatzean zendu zen, eta “egin duen lan isila” omendu nahi dute.

[box style=”rounded” border=”full”]

Sarrerak: 5€

  • Niessen Kulturguneko harrera bulegoan
    • Astelehena: 17:00-20:00
    • Asteartetik ostiralera: 10:00-13:00 eta 17:00-20_00
    • Larunbata: 10:00-13:00
  • Egunean bertan Fatima parrokian

[/box]