Lore eta landare mota ezberdinez beteko da larunbatean Xabier Olaskoaga plaza

Larunbat honetan Xabier Olaskoaga plaza lore zein landare mota ezberdinen erakustoki bilakatuko da,  VII.Lore eta landareen feria berezia dela eta. Behemendi Landa Garapereko Elkarteak, Errenteriako Udalak eta Dekolore Elkarteak elkarlanean antolatutako feria da. Goizeko 09:00etan hasi eta 14:00ak arte egongo da irekita. Bertan Gipuzkoako lore eta landare ekoizle-profesional nagusiak bilduko dira.

Lore eta landare munduarekin zerikusia duten produktuen eskaintza zabala aurkeztuko da. Guztira zortzi landare haztegik jarriko dute bere postua. Haurrek ere izango dute bere txokoa, eta 11:00etatik 13:00etara bitarte eurei zuzendutako landaketa tailerra izango da. Bertan, haurrek hainbat landare ezberdin loreontzietan landatuko dituzte eta beharrezko argipenak emango zaizkie beraien zainketari buruz.

Baserritar produktuen ferien beherakada

2002.urtean Behemendi Elkarteak Baserriko Produktuen Feria Bereziak antolatzeari ekin zion horrelako ferien beherakadari erantzuteko asmoz. Bi urte beranduago Errenteriako Udalarekin batera herrian feria bereziak antolatzeko egitasmoa hasi zen. Testuinguru honen barruan kokatzen da larunbatean egingo den azoka. Iaz, berriz, herriko baserritarren eguneroko azoka eta jardunari lotuta, Xabier Olaskoaga plazan azoka bereziak antolatzea erabaki zen.

Horrelako ferien helburua baserriko produktuen salmenta bultzatu eta promozio eta erakusketa-gune izatea da. Gainera, udalaren esanetan, baserritar feria hauek inguruko dendarientzat ere baliagarriak izan litezke, eskaintzen diren produktuak ikus ditzaketelako eta gustukoak badira ekoizlearekin zuzenean kontaktua egin dezaketelako.