Errenteriak aitortza jaso du klima aldaketaren inguruan egindako lana dela eta

Klima2050-59
Julen Mendozak atzoko ekitaldian izan zen

Abenduan Pariseko COP21 Klima Aldaketaren Munduko Goi Bilera egingo da. Eta testuinguru honetan Eusko Jaurlaritzak Klima Aldaketaren kontrako Estrategia (KLIMA 2050) aurkeztu zuen atzo Kursaalean egindako ekitaldi batean. Hori aprobetxatuz, aitortza publikoa egin zitzaien EAEko hamar udalerriri, isuriak murriztera zuzendutako “Compact of Mayors” ekimen globalari atxikitzeagatik. Errenteriako Udala hamar udalerri horietako bat da.

Nazio Batuek C40 cities, ICLEI eta UGLG erakundeekin batera abiatutako nazioarteko ekimena da Compact of Mayors. Eta bere helburu nagusia BEG isurketak gutxitzea da, baita alderdi zaugarriak gutxitu eta udalerri mailan klima aldaketari aurre egiteko ahaleginak areagotzea. Urte mordoxka da Errenteria “Agenda 21eko esparruan klima aldaketaren aurkako ekintzan aitzindaria dela”. Arrazoi hori medio luzatu zion Eusko Jaurlaritzak Udalari aipatutako ekimenarekin bat egiteko gonbita. Gaur egindako agerraldi batean Julen Mendoza alkateak, Jose Cruz Legorburu ingurumen zinegotziak eta energia gaietan teknikari Niko Bengoetxeak ekimenaren xehetasunak azaldu dituzte.

Bengoetxea, Mendoza eta Legorburu ekimenari buruzko xehetasunak ematen
Bengoetxea, Mendoza eta Legorburu ekimenari buruzko xehetasunak ematen

Compact of Mayors ekimena tokiko gobernuek klima aldaketa arindu eta egokitzeko borondatezko konpromisoak hartzean datza. Gauzak horrela, itunarekin bat egindako udalerriak bere ikusgarritasuna areagotzen ari dira klima aldaketari erantzuten dioten “lider gisa”. Bengoetxearen arabera, modu honetan erakunde txikiek handiei tira egiten diete, hauek konpromisoak har ditzaten, “gure etxetik, txikitik, hasi behar dugu gauzak konpontzen”.

“Full Compliant” estatusa

Guztira 90 udalerrik egiten dute bat Compact of Mayors ekimenarekin, eta horietatik 14 bakarrik dira “Full Compliant”, hau da, eskatutako baldintza guztiak egoki betetzen dituztenak. 14 udalerri horietatik 10 euskal udalerriak dira, “ez gehiago ez gutxiago”, eta Errenteria barne dago. Beste lauak Conpenaghe, Estocolmo, Oslo eta Växjö dira.

Mendozak bere poza adierazi du lortu duten aitortza dela eta, baina aitortza orain iritsi bada ere, aurretik egindako lanari esker izan dela azpimarratu du. Pasa den maiatzean onartu zen Errenteriako Energia Iraunkorrerako Ekintza Planak (EIEP), esaterako, aukera eman du konpromiso ugari dagoeneko hartuak egon daitezen. BEG emisioak murriztea, adibidez.

Halere, gaur azaldu dute Compact of Mayors ekimenarekin bat egiteak bestelako konpromisoak betetzea eskatzen duela. Hala nola, egokitzapen plana gauzatzea, klimaren alderi zaurgarrien eta klima arriskuen gaineko azterlana egitea. Errenteriako udala konpromiso horiek hartzeko prest azaldu da, tamaina globaleko arazo bat ekiditeko konponbide zehatzak bilatzeko asmoz.