Tabernen arteko mozorro lehiaketa bueltan da

Bazen behin_landare
Iaz egin zuten lehen aldiz tabernen mozorro lehiaketa, irudian Landare taberna mozorrotuta

Inauteriak direla eta, Errenteriako Udalak Inauterietako batzordearen ekimenez tabernen arteko mozorro lehiaketa antolatuko du bigarren urtez. Urrian 2016ko inauterien mozorroa aukeratzeko herri-galdeketa egin zen, eta aukeratutako gaia “filmak” izan zen, “filmak pantaila handitik kalera ateratzeko” hautua egin zuten herritarrek.

Hori horrela, tabernei ere gaiarekin lotutako mozorroa janzteko deia luzatu diete Udalak eta Inauteri Batzordeak. Parte hartzeko urtarrilaren 22a baino lehen udaletxeko erregistroan eskaera egin behar da. Eta informazio gehiago jasotzeko kultura azpisailera dei daiteke (943 449634) 08:00etatik 14:00ak bitarte.

Bi sari

Lehiaketaren antolatzaileek ohartarazi dute gutxienez otsailaren 4ko 19:00etarako egon beharko dutela lokalek mozorrotuta. Bi sari eskuratzeko aukera izango da. Batetik, arte ederretan aditu talde batek hautatuko duen irabazleak jasoko duena. 2017ko  inauterietan, taberna mozorrotzeko materiala erosteko 700€ko laguntza, hain zuzen. Eta bestetik, herri bozketaz aukeratuko den irabazleak jasoko duena, kasu honetan ere hurrengo urteko inauterietarako materiala erosteko laguntza emango zaio, 300€.

Herri bozketa otsailaren 4an hasi eta 9an amaituko da. Eta Herri Bizian bertan gunea prestatuko da botoa emateko, gaia aukeratzeko egin zen moduan.

Iazko tabernen mozorroak ikusteko sartu hemen.