“Ongi etorri herrira”

giza_eskubideak_kioskoa5Horixe da Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, atzo, Errenteriako haurrek errefuxiatuei bidali zieten mezua. “Ekialde hurbileko egoera eta bertan urratzen ari diren eskubideak” landuko dituzten ekimenak bilduko dituen asteari hasiera eman zion ekintza honek. Hain zuzen ere, Errenteriako Giza Eskubideen asteari. Udaleko kultur aniztasuneko, garapenerako lankidetzako eta giza eskubideetako departamentuak, udal liburutegiarekin, Aranzadi Zientzia elkartearekin eta Andaluziako Siriako Herriaren Babeserako elkartearekin elkarlanean prestatu du astea. Abenduaren 19an amaituko da.

Hamarnaka haur gerturatu ziren Zumardiara. Errefuxiatuentzako ongietorri mezuekin margotu zuten bertam dagoen kioskoa, kolorez bete zuten. Gainera, giza eskubideen adierazpenekin hainbat kometa sortu eta kioskoan bertan zintzilikatu zituzten. Udalak jakinarazi du datorren astelehenetik aurrera udal liburutegian haur guztientzat eskuragarri egongo direla atzo egindako muralaren argazkia jasotzen duten postalak. Horrela, Errenteriako haurrek errefuxiatuei idazteko aukera izango dute. Asmoa postalak Gani Mirzo abeslari siriar kurduari ematea da. Mirzok asteari amaiera emango dio 19an eskainiko duen kontzertu batekin.

“Muros”

Bestalde, gaur, abenduaren 11a, ostirala, 18:00etan “Muros” filma proiektatuko da Xenpelar etxean. Bertaratzen direnek filmeko zuzendarietako batekin, Pablo Irabururekin, solasaldia izateko aukera izango dute.

Ekintza guztien berri izateko edota informazio gehiagorako: herribizia.errenteria.eus