Izokinak Oiartzun ibaian gora

Fanderiako arrapala
Fanderiako arrapala

Tamaina handiko hainbat izokin Fanderian egon dira hilabete batez, ur-emariaren igoeraren zai. Jose Cruz Legorburuk, Ingurumen zinegotziak, adierazi duenez, Errenteria eta Oiartzun artean dagoen bidegorritik igaro diren pertsonek hainbat izokin ikusi al izan dituzte ibaiaren gune sakonenean; hain zuzen ere, berriki eraiki den Fanderiako arrapalaren gainean sortzen den ur geldietan.

Esan dutenez, izokin helduak ikusten diren lehen aldia da; lehenago ale gazteak ikusi badira ere. Eta gertaera honek espezie hau Oiartzun ibaian ugaltzen ari dela erakusten duela adierazi dute ingurumen sailetik. Itsasoan denboraldi bat igaro ondoren (Groenlandian eta Feroa irletan), ibaira itzultzen dira ugaltzeko. izokinakAzken egunetako euriek lagundu dute arrain hauek ibaian gora egitea.

Arrapala 2014an eraiki zuen Errenteriako Udalak, Fanderiako presa zaharraren lekuan, 2011 izan zen ur-goraldiak eraitsi zuena. Uretako faunaren igoera errazteko diseinatua izan zen, eta, dituen dimentsioengatik, eredu eraginkorra dela frogatzen ari da.

Oiartzun ibaiaren egoera hobetuz

Izokinena, “berri pozgarria” dela uste dute, izan ere, Oiartzun ibaiaren egoera eta ur-kalitatearen hobekuntzaren adierazle dira, ingurumen saileko arduradunen esanetan. Bestalde, gertaerak “ibaia zaintzen jarraitzeko” nahikoa arrazoi ematen dituela uste dute.