Kontsumo ohiturak aldatzeko bidean, irteera Iruñerriko Landare proiektua ezagutzera

elikadura_burujabetza_LandareKontsumo ohiturak aldatzea. Horixe da Oarsoaldeko herritar talde batek helburutzat hartu duena. Eta bide horretan pausuak ematen hasteko, dagoeneko martxan dauden esperientziak ezagutzeari ekingo diote. Hori horrela, irteera antolatu dute datorren larunbaterako Iruñerriara Landare “proiektu eraldatzailea” bertatik bertara ezagutzeko. Ondoren Iruñeako Arrotxapeako elkartean bazkalduko dutela jakinarazi dute.

Interesdunek izena eman beharko dute autobuserako eta bazkarirako elikaduraburujabetzaoarso@gmail.com helbidera mezu bat bidalita.

Txikitik eraldatuz

Iruñerriko produktu ekologikoen kontsumitzaile elkarte bat da Landare eta bi lokal dituzte, bata Arrotxapean eta bestea Atarrabian. Bere jarduera elikagai ekologikoz hornitzea da. Oarsoaldeko elikadura burujabetzaren aldeko taldearen arabera, “mundua eraldatzen saiatzen ari dira, gosaldu, bazkaldu eta afaldu bezain xumeak diren ekintzen bidez”. Elkarlanean aritzen den elkartea da, eta urtean behin biltzen den asanblada da ordezkaritza organo nagusia.