Tabernen arteko mozorro lehiaketan izena emateko epea zabalik da

Iaz egin zen lehiaketaren lehen edizioa
Iaz egin zen lehiaketaren lehen edizioa

Bigarren edizioa izango da aurtengo tabernen arteko mozorro lehiaketa eta Ion Collar kultura zinegotziak gogorarazi nahi izan du oraindik ere tabernek badutela lehiaketan parte hartzeko izena emateko aukera. Urtarrilaren 22an amaituko da epea, eta interesdunek udaletxeko erregistroan egin beharko dute eskaera.

Errenteriak zinema kutsua hartuko du aurtengo inauterietan; izan ere, urrian egindako galdeketan horixe izan zen herritarren artean aukeratutako gaia, “filmak“. Eta tabernak ere gaiari kasu eginez prestatu beharko dute lehiaketarako mozorroa.

Oinarriak

Ostegun gizeneko (otsailaren 4a) 19:00etarako tabernek mozorrotuta egon beharko dutela adierazi dute. Bi sari banatuko dira guztira. Alde batetik, 700€ko saria hurrengo urteko tabernaren mozorroa prestatzeko. Eta bestetik, 300€koa. Arte ederretan aditu talde batek eta herritarrek (bozketa bidez) aukeratuko dituzte sari horien irabazleok, hurrenez hurren.

Informazio edo argibideetarako, Kultura azpisailera (943 449634) dei dezakete interesdunek, 8:00etatik 14:00etara.