Iztieta-Ondartxoko ekintza planaren ondorioak aurkeztu dituzte

Aurkezpena1Kultur aniztasuneko, garapenerako lankidetzako eta giza eskubideetako sailak uztailean abiatu zuen Iztieta-Ondartxoko prozesu parte-hartzailea aurretik egindako diagnosi bati erantzuna emateko asmoz. Hain zuren ere, prozesu hau Errenteria 2025 plan estrategikotik eratortzen dela azaldu du Udalak.

Atzo arratsaldean aurkeztu ziren prozesuaren ondorio nagusiak. 30 bat lagun bildu ziren Oiartzun kaleko 5.zenbakian, zeina prozesuaren parte hartze eta informazio gunea izan den. Azken hilabeteetan bi kale ekintza egin dira, baita auzoko agente eta elkarteekin bilerak ere. Bulegoa astean bitan irekita egon dela ere gaineratu zuten atzokoan. Guztira 434 lagunek hartu dute parte prozesuan. Atzo honen laburpen bideoa ere proiektatu zuten, eta Udalak esan duenez, laster ikusgai egongo da.

Baina prozesuan egindakoak azaltzeaz gain, auzoko elkarteek, auzokideek, merkatariek nahiz agenteek auzoa hobetzeko proposaturikok ere azaldu zituzten atzokoan. Hiridunak estudioak dinamizatu du azken hilabeteotako parte hartze prozesua, eta bertatik bost ildo nagusitan banatu dituzte auzoa hobetzeko proposamenak.

Hauexek dira identifikatutako hutsuneei aurre egiteko planteatutakoak: egun aktiboa bultzatzea, espazio publikoan esku hartzea, lokal hutsen egoera aztertzea, mataderoaren erabileraren eta bere inguruaren inguruan hausnartzea eta Altzaten “Campsa”n zer egin aztertzea.

Aurrera begira, Iztieta-Ondartxo eredu

Udalak eskerrak eman zizkien prozesuan parte hartu dutenei. Oro har, Julen Mendoza alkateak begi onez ikusi ditu jasotako proposamenak, nahiz eta batzuk muga legal eta ekonomikoekin topo egiten dutela gaineratu zuen. Espazio publikoan interbentzioak egitetik haratago, auzoko erronka nagusia komunitatea sortzea dela aipatu zuen. Nolabait auzotarrak bertako behar sozialei erantzuteko gai izatea auzo-antolaketaren bidez. Mendozak uste du duen aniztasuna aprobetxatuta eta sare antolatua eraikita Iztieta-Ondartxo auzo eredu bilakatu daitekeela.

Udalak jakinarazi du azken txostena eta prozesua laburtzen duen bideoa nahi duenarentzat eskuragarri izango direla.