Eskola publikoan matrikulatzeko kanpaina aurkeztu dute

Osoro, Lopez de Etxezarreta, Ugalde eta Etxebeste gaurko aurkezpenean
Osoro, Lopez de Etxezarreta, Ugalde eta Etxebeste gaurko aurkezpenean

Datorren urtarrilaren 25etik otsailaren 5a bitarte izango da 2016/2017 ikasturterako matrikulatzeko epea. Eta gaur kanpainaren aurkezpena egin dute herriko eskola publikoetako zuzendari diren Andoni Osoro (Cristobal Gamon), Amaia Etxebeste (Koldo Mitxelena) eta Belen Ugaldek (Bizarain) Garazi Lopez de Etxezarreta hezkuntza zinegotziarekin batera.

Errenterian kalitatezko eskaintza publikoa dagoela nabarmendu nahi izan dute gaurkoan. Ugalderen hitzetan, bertako ikastetxeen eskaintza “euskalduna, aurrerakoia eta plurala” da. Behar adina baliabide dituztela gaineratu du Osorok eta irakasleen formakuntzari ematen dioten garrantzia azpimarratu du. Herriko hiru ikastetxe publikoek D eredua eskaintzen dute.

Guztira hiru ikastetxeen artean 162 plaza eskainiko dituzte 2 urteko haurrentzat, 18 ikasleko hiruna gela eskola bakoitzean. “Ongi hornitutako ikastetxeak” dira zuzendarien hitzetan eta zentzu horretan eskaintzen dituzten zerbitzuak izan dituzte hizpide; hala nola, garraioa, jangela, goiz txokoa, guraso eskola edota eskolaz kanpokoak.

Herrian matrikulatzea

Errenteriako gurasoei dei egin diete euren haurrak herriko eskoletan matrikulatzeko. Uste baitute hori oso garrantzitsua dela bai Errenteriarentzat eta baita haurrentzat ere. Aurten Udalak 2 eta 3 urte dituzten haurren gurasoei bidali die gutuna, herrian matrikulatzeko hautua egin dezaten. Guztira 655 gutun banatu ditu. Zera gaineratu du Lopez de Etxezarretak: “herria eraiki dezagun gure haurrak herrian bertan hezi eta haziz”.

Ate irekiak

Zalantza guztiak argitzetzeko eta eskola bera bertatik bertara ezagutzeko ate irekiak antolatu dituzte hiru eskolek egunotan zehar. Guraso denak gonbidatu dituzte ate ireki hauetan parte hartzera. Bide bidean, Osorok ikastetxe ezberdinak ezagutzera animatu nahi izan ditu gurasoak.

  • Bizarain:
    • Urtarrilaren 25etik 28ra 17:00etik 19:00etara
  • Koldo Mitxelena:
    • Urtarrilaren 19, 20, 21 eta 25ean 16:45etik aurrera (Markola eta Olibeteko eraikinak)
    • Urtarrilaren 26 eta 29an 16:45etik aurrera (Biteriko eraikina)
  • Cristobal Gamon:
    • Urtarrilaren 18tik 21era 16:30etik 17:30era