Correscales-Korrika prekarioari eta Garoñari buruzko mozioak aho batez onartu ditu Udalak

urtarrila_plenoaHamar puntuz osatua zegoen atzoko Udalbatzaren Ohiko Osoko Bilkurako gai ordena. Tartean bi mozio aztertu ziren, bata Correscales-Korrika Prekarioa, prekarietatearen aurkako eta Movistarrentzat lan egiten duten teknikoen aldarrikapenekiko elkartasuna adieraztekoa. Eta bestea Garoñako zentral nuklearra berriz ez irekitzeko eskatzekoa. Bi mozioak aho batez onartu zituzten.

Oarso Taldeak aurkeztu eta EH Bildu eta Errenteria Irabaziz taldeek babestu zuten Correscalesen gaineko mozioa. Movistarreko langileak eurak izan ziren mozioa aurkeztu eta azaldu zutenak. Angel Circujanok hartu zuen hitza eta Correscalesen nondik norakoak azaldu zituen. Otsailaren 18an Bilbon abiatu eta otsailaren 22an Bartzelonan amaituko den prekarietatearen aurkako korrika da Correscales. Circujanoren arabera, uda aurretik Movistarrentzat lan egiten zuten tekniko, autonomo eta azpikontratuek 75 eta 85 egun bitarteko greba egin zuten. Eta bertatik abiatuta “Marea Urdina” delakoaren borroka abian jarri zuten, duintasun materialaren eta bizitza baldintza duinen aldeko borroka.

Correscales Marea Urdinetik sortutako ekimena da azaldu zutenez. Helburu nagusia elkartasuna eta babesa eskaintzeaz gain, lan eskubideen alde lan egiten duten kolektiboentzako elkartasunezko funts kooperatibo bat osatzea da. Errenteriatik ere pasako da korrika prekarioa otsailaren 19an. Zentzu honetan, udalbatzaren amaieran Oarso Taldeko Xabier Gartziak gogorarazi nahi izan zuen otsailaren 3an 19:00etan Xenpelar etxean Correscales prestatzeko batzar irekia egongo dela.

Talde politiko guztiek adierazi zioten bere babesa Movistarreko langileei eta mozioaren alde bozkatu zuten.

Garoña ez zabaltzeko eskaera

Bigarren mozioa, berriz, EH Bildu eta Errenteria Irabaziz taldeek aurkeztu zuten. Garoñako zentral nuklearra ixteko eskaera luzatu zuten. Aurreko kasuan bezala, talde politiko guztiek aho batez onartu zuten mozioa. Horrela, mozioan adostu zenaren arabera, Udalak Espainiako Estatuko gobernua izango denari Garoñako zentral nuklearra guztiz itxi eta desegiteko eskatzen dio. Baita eredu energetiko berria lantzeko, “eredu demokratiko eta deszentralizatua, aurrezpena, eraginkortasuna eta energia berriztagarrien ekoizpena izango dituena oinarri”.