Marokora abiatzeko prest dira Don Boscoko ikasleak

Panda_raidPanda zahar bat berritzen ibili dira azken urtean Don Boscoko ikasleak Panda Raid rallyan parte hartu ahal izateko. Urtero martxoan ospatzen den distantzia eta erresistentzia luzeko rally amateur eta solidarioa da Panda Raid. Martxoaren 5etik 12 bitarte Madriletik abiatu eta 7 etapatan Marrakechera heldu beharko dute ehun ekipo baino gehiagok. Don Bosco Lanbide Heziketako Ikastetxe integratuko elektromekanikako 2.mailako zenbait ikasle buru belarri aritu dira proiektuan.

Gaur aurkeztu dute rallyrako prestatu duten autoa Don Boscon. Proiektuaren ideia iaz ikasleengatik sortu zela azaldu dute. Irakasleen baiezkoa jasota, eta automozio departamenduaren babesarekin, lanean jarri ziren. “Ez geneukan ezer, ez dirurik, ez autorik…” esan du Aritz Arias rallyra joateko aukera izango duen ikasleetako batek. Jonhatan Veigarekin batera egingo du ibilbidea. Baina hogei bat ikasle izan dira proiektuaren atzean, dirua lortzen, autoa berritzen, zabalpena ematen etab.

Rally solidarioa

3.etapan Marokoko hegoaldean kokatutako eskola baten 20 kiloko ikasmateriala entregatuko du ekipo bakoitzak. Don Boscoko ikasleek ordenagailuak eta eguzki-plakak eramango dituzte, besteak beste. Eurek konpondu duten autoaz gain, Poctefa proiektuaren baitan, Baionako ikastetxe bateko ikasleekin berritu duten autoak ere parte hartuko du rallyan.

Autoa dagoeneko prest dute rallyari ekiteko eta gogorik ere eza zaie falta. Guztira 3.000 kilometro baino gehiago egingo dituzte. Itzultzerakoan, berriz, euren esperientzia eta proiektuaren nondik norakoak azalduko dituzte herriko ikastetxe ezberdinetan. Hala azaldu du Itziar Ostolaza gazteria zinegotziak.

VI Don Bosco ibilaldia

Gaurko aurkezpena aprobetxatu nahi izan dute ere larunbatean ospatuko den kotxe klasikoen ibilaldiaren berri emateko. Aurtengoa 6.edizioa izango da eta guztira 130 autok eta 30 motizikleketek hartuko dute parte. 104 kilometroko bidea egin beharko dute eta ibilbidean Errenteria, Pasaia, Lezo, Oiartzun, Irun eta Hondarribia zeharkatuko dituzte. Don Boscon bertan hasiko dira 09:00etan. Antolatzaileek esan dutenez, ez da lasterketa bat, eta parte hartzaileek trafiko arauak errespespetatu beharko dituzte.