Bizarain Ikastolako liburutegia Beraungo auzoari irekia

Mendoza eta Ugalde liburutegian
Mendoza eta Ugalde liburutegian

Datorren astelehenetik aurrera Beraungo auzoak liburutegi zerbitzua eta dinamizazio propioa izango ditu. Izan ere, Bizarain Ikastolak ikasle eta gurasoei begira duen liburutegia auzoari irekiko zaio Udalaren eta Ikastolaren artean sinatu duten hitzarmen bat dela medio. Gaur goizean sinatu dute hitzarmena Julen Mendoza alkateak eta Belen Ugalde Bizaraingo zuzendariak.

Ugaldek adierazi duenez, Badira urte batzuk Bizarain Ikastolako zuzendaritzak eta liburutegiko arduradunak horrelako egitasmo bat martxan jartzeko asmoa zutela. Gunea auzoari zabaltzeko nahia zuten. Eta horri erantzutera dator gaur sinatutako akordioa. Era berean, Mendozak nabarmendu nahi izan du kultura herritarrengana gerturatu eta herritarrei, goialdeko auzotarrei bereziki, zerbitzu kulturalak eskaintzeko beharra jaso zela Errenteria 2025 Plan Estrategikoan.

Zentzu honetan, Beraunen kultur-etxe bat sortzeko konpromisoa hartu zuen Udalak legegintzaldi planean. Eusko Jaurlaritzak Beraun Berriko eskolaurrea zegoen eraikinaren erabilera baimenduko dio Udalari eta kultur-etxea 2017rako irekita egotea aurreikusten da. Gaur abian jarri duten proiektuak ere bete-betean egitasmo honekin bat egiten duela azpimarratu dute gaurkoan.

Esperientzia pilotua

Beraun_liburutegiaEgitasmoak hainbat ardatz dituela azaldu dute. Batetik, hirigunetik aparte dagoen auzune batean kulturari “ate berri bat irekitzea”. Bestetik, kultura zerbitzuak auzotarrei eskaintzea. Ekintza ezberdinak bertan garatu ahal izatea ere asmoetako bat da, dagoeneko Udal liburutegian egiten direnak, zein berriak. “Bularretik mintzora” euskal haur literatura sustatzeko egitasmoa eta irakurketa klubak aipatu dituzte, besteak beste.

Era berean, egitasmo honi esker, bertan dauden ordenagailuetatik liburutegiko katalogora sarbide zuzena izango da eta erabiltzaileek Udal liburutegiak eta bere sareak eskaintzen dituen materialak mailegatu eta itzuli ahal izango dituzte han bertan. Gainera, liburu erreserbak egin ahal izango dira, eta horiek Bizarainen jaso.

Mendozak azaldu du esperientzia berria dela Beraunen martxan jarriko dutena. Ondo funtzionatzen badu beste auzoetan dauden zentroetan ere antzerako zerbitzua abiatu daitekeela gaineratu du.

Ate irekiak

Hasiera batean astelehenetik ostiralera bitarte bi orduz egongo da irekita (16:00-18:00). Eta udan, berriz, 10:00etatik 14:30era. Zerbitzu berriari buruzko azalpenak emateko ate irekiak antolatu dituzte. Otsailaren 29tik martxoaren 18ra bitarte izango dira astelehen, asteazken eta ostiraletan arratsaldeko 16:00etatik 17:00ak arte. Hitzordua telefonoz edo e-mailez aurretik eskatu beharko dela jakinarazi dute.