Errenteriako ikasleak Elikadura Jasangarria eta Hondakinak aztertzen ari dira

Errenteriako ikasleak EA21en herri-diagnosia osatzeko lanetan
Errenteriako ikasleak EA21en herri-diagnosia osatzeko lanetan

Errenteriako ikasleak, Bizarain Ikastolan, Cristobal Gamon Eskolan, San Jose Ikastetxean, Telleri-Alde Ikastetxean, Koldo Mitxelena Institutuan eta Don Bosco Lanbide Heziketako Ikastetxean, Eskolako Agenda 21 programaren bidez, beren ikastetxea eta herria jasangarritasunerantz bideratzen saiatzen ari dira. Helburua, eskola-komunitatea ingurugiroaren aldeko kontzientzia eta ohitura desberdinak bereganatzea  da, herritar bezala parte-hartzea bultzatuz. Programa hau Errenteriako Udalak bultzatzen du eta Artelatz Ingurumen Zerbitzuak aurrera eramaten du ikasturte honetan.

Aurtengoa, zazpigarren ikasturtea dute jardun horretan, urtez urte gai ugari jorratuz. 3.500 ikasle inguru ari da proiektuan beraien ikas-komunitate osoaren inplikazioarekin.

Eskolako Agenda 21ak, hiru ardatz nagusi lantzen ditu: kurrikuluma, ikastetxearen kudeaketa eta parte-hartzea herrian. Atal hauek gai desberdinak izan dituzte ardatz: ura, energia, hondakinak, kontsumoa, elikadura…

Hasteko, ikastetxe bera aztertzea tokatzen da. Behin kurrikuluma eta ikastetxeko diagnostikoa egin ondoren, zertan hobetu aztertu behar da eta ekintza plan bat osatu. Jarraian, herrian gertatzen dena aztertzea tokatzen da. Eta horretan ari dira, hain zuzen, ere ikastetxeak. Herri-mailako partaidetza lantzeko, ekintza batzuk burutzen dituzte bai ikastetxean eta baita ikastetxetik kanpo ere. Lortutako emaitzekin, norberak bere egunerokotasunean bete beharreko hainbat konpromiso hartzeaz gain, ikusitako gabeziak konpontzeko proposamenak luzatuko dizkiete udal-ordezkariei, ikasturte amaieran alkatearekin burutuko den entzunaldian.

Ikasturte honetan Elikadura jasangarria eta Hondakinak

Aurtengo gaia hori izaki, adinari egokitutako diagnostiko eta ekintzak burutzen ari dira une honetan. Txikienek, horma-irudi eta jolasen bidez elikagaiak ezagutzen ari dira; 6-11 urtekoek, elikadura eta osasuna, elikadura eta sortzen ditugun hondakinak, “kontsumo taldeak”, kontsumitzeko beste modu bat ,etab. lantzen ari dira;  eta 12-16 urtekoek eta nagusienek, berriz, alperrik galtzen den janari kopurua aztertzen ari dira, besteak beste, gosea, bertakoa kontsumitzearen garrantzia, elikadura ekologikoa, transgenikoak, kontsumo taldeak, hondakinen murrizketarako aukerak, konpostajea, aztertuz. Beraz, haur-hezkuntzatik hasi eta batxilergoa zein goi-mailako zikloen arteko ikasleak ari dira lanean, herria geroz eta jasangarriagoa bilakatzen laguntzeko.

Martxoan zehar, ikastaldeak kalean ibiliko dira galdeketak eginez. Baliteke zuek ere parte hartzeko aukera izatea!