Pentsio duinen aldarria, emakumeen ahotsetik

Duintasuna_martxoa (6)Hilabeteko lehen astelehena dugu gaur, eta egun horretan hilero egin ohi duen moduan Duintasuna elkartea beste behin kalera atera da pentsio duinen aldarria egitera. Gaurkoan baina, kolore morez jantzi da aldarrikapena. Euskal Herrian milaka adineko emakume prekarietate egoeran bizi direla salatu dute, martxoaren 8aren bezperan.

Euria dela eta udaletxeko arkupeetan bildu dira hamarnaka herritar deialdiarekin bat eginez. Bertan egon dira 1080 euroko pentsio minimoaren aldeko sinadurak biltzen. Behin irakurketa amaituta, eta manifestazioan abiatu aurretik “Boga, boga” abestiaren bertsioa abestuz girotu dute aldarrikapena.

“Miseriazko pentsioak” kobratzen dituzten 360.000 pertsonen artean gehienak amakumeak direla esan dute, eta horietatik kolektiborik handiena alargunek osatzen dutela. Euren ustez, pentsio horiek kotizatu gabe etxeko lanetan eta seme-alaba nahiz menpekotasuna duten senitartekoak zaintzen pasatutako denboraldiaren ondorio dira. Gainera, emakumeen lanak errekonozimendu ekonomikorik ez duela eta askotan jubilazio eskubiderik ere ez daukatela salatu dute.

Hori guztia dela eta, martxoaren 8aren bueltan, emakume bakar bat ere hilabetean 1080 euro baino gutxiagoko diru-sarrerekin ez egotea aldarrikatu dute. Bihar 19:30ean Galtzarabordako kiroldegitik abiatuko den manifestaziora joateko deia ere luzatu dute.