Eskualdeko Kontsumo Kooperatiba bidea egiten hasi da

elikadura_kooperatibaKontsumo Koopeatiba bat sortzeko lanean hasi dira Oarsoaldean. Pasa den ostegunean elikadura burujabetzaren aldeko hainbat eragilek deituta, eskualde mailako lehen bilera egin zuten 40 pertsona inguruk Xenpelar Etxean, Errenterian. Sustatzaileen esanetan, proiektuak interesa piztu du eta euren asmoa apiriletik aurrera, herriz herri zein eskualdean lanean jartzea da, egitasmoa lehenbailehen martxan jarri ahal izateko.

Egitasmoaren helburu nagusia Euskal Herriko hainbat txokotako ekoizleak, elaboratzaileak, kontsumitzaileak… elkartuko dituen Elikadura Kontsumo Kooperatiba bat sortzea da. Kooperatiba hori elikaduraren esparruan erreferentea eta ilusioa piztuko duena izatea nahi dute. Azken batean, Euskal Herrian dagoen ekoizpena zein kontsumo-gaitasuna saretu eta antolatu nahi dituzte.

Euren ustez, egungo logika pribatutik atera eta auzolanean sare bat artikulatzea da gakoa, “elikadura herritarren arteko elkartrukea bilakatzea”. Nolabait elikadura negozio gisa ulertzetik, jendarteko oinarrizko zerbitzu gisa ulertzera pasatzea. Eta horretarako, herritarren parte hartze aktiboa beharrezkoa dela uste dute. Nahiz eta euren iritziz, auzolana eta profesionaltasuna modu egokian txertatu behar diren.

Bertako produktuak eta prezio justua

Zenbait helburu lortu nahi dituzte ostegunean bere bidea hasi zuen kooperatiba honekin. Hauexek dira horietako batzuk: bertako produktuak eskaintzea, prezio justua bultzatzea, bestelako gizartea sortzeko ekarpena egitea, kontsumitzaileen osasuna zaintzea, tokiko ekonomia sustatzea eta proiektuko partaide diren langileen lan baldintza duinak bermatzea.

Proiektuaren gaineko informazio gehiago eskatzeko, talde sustatzailera hurbiltzeko edo proposamenak egiteko interesa duen edonork ondorengo helbidera idatzi dezake: elikaduraburujabetzaoarso@gmail.com.