2025 urterako hiriko txirrinda-sarea 14 kilometrotik 25era haziko da

BizikletaBidea600Ingurumeneko Zinegotzia den Jose Cruz Legorburuk aipatu duenez martxoko Tokiko Gobernu Batzordeak “Errenteriako Oinezko eta Bizikleta bidezko Mugikortasun Plana” onartu berri du. Planaren osaketa Ingurumen Sailak koordinatu du Trafikoa eta Hirigintza Sailekin elkarlanean.

Planaren helburu estrategikoak lau dira:

  1. oinezkoen joan-etorrietan segurtasuna eta kalitatea eskaintzea
  2. bizikleta-bide seguru, eraginkor eta erakargarria izatea ahalik eta kosturik baxuenarekin
  3. bi garraio-modu hauek bateratzea
  4. eremu publikoa, ingurumena, bizi-kalitatea eta osasun publikoa hobetzea

Errenteriako biztanleen %10 inguruk autoa du, eguneroko bizitzan, hiri barruan mugitzeko garraiobide nagusitzat. Honek, alde batetik, garraio publikoaren funtzionamenduan, espazioaren okupazioan, ingurumenean, segurtasun faltan eta erosotasunean eragiten du, eta bestetik, baita bide publikoa erabiltzen duten gainerakoen osasunean ere (adibidez, oinezkoen eta bizikletarien osasunean). Arazo horri kale asko merkataritzarako edo bizitzeko erakargarriak ez direla gehitu behar zaio.

Oinez ibiltzea da ingurumen-inpaktu txikiena eta gizarte-onura handiena duen mugitzeko modua, eta horixe da Errenteriako biztanleek gehien erabiltzen dutena. Plan honekin oinezkoa hiri-garraioko sistemaren baitan beste modu batean ikustea bilatzen da, oinez ibiltzearen segurtasuna, erosotasuna, azkartasuna eta erakargarritasuna azpimarratuz. Oinezkoen lehentasunezko sare bat prestatzea proposatzen da. Planak oinezkoen lehentasunezko sarean antzemandako arazoak konpontzeko jarraibide batzuk proposatzen ditu:

  • Abiadura moteltzea
  • Oinezkoen espazioa berreskuratzea
  • Oinezkoa ahalduntzea
  • Lehentasunezko sarearen ibilbideen kalitatea hobetzea
  • Ibilbideen informazioari buruzko seinaleak jartzea

Bizikleta-sare honen ezaugarriak laburtzeko, adierazi beharra dago 2014an 12 km inguru zituela eta Plan honek 2025erako guztira 25km izatea proposatzen duela, bizikleta-sare nagusia eta tokiko sarea bereiziz.

Amaitzeko, Legorburuk adierazi du Errenteriako Oinezko eta Bizikleta bidezko Mugikortasun-planaren eragin ekonomikoa 1.515.000€-koa dela eta, guztira, lehentasun handiko lau neurri izango dituela.