Udako Kirol Kanpaina: 35 jarduera 3 eta 16 urte arteko haur eta gazteentzat

uda kirolaUdako kirol jarduerak izango dira aurten ere. 35 jarduera baino gehiago izango dira 3-16 urteko haur eta gaztetxoentzat eta helduentzat eskaintzarik ez da faltako. Izena eman nahi dutenek maiatzaren 2tik aurrera izango dute horretarako aukera. Oarsoaldea eskualdeko Errenteriako, Lezoko, Pasaiako eta Oiartzungo Udalek, elkarrekin antolatu eta zabaldu dute UDA 2016 Kirol Kanpaina, bosgarren urtez jarraian. Kirol eskaintza oparoa aurkezteko prentsaurrekoa eman dute gaur goizean Lezon, bertan izan dira lau udalerrietako kirol zinegotziak Ion Txasko (Errenteria), Irlentz Ortega (Lezo), Lore Suarez (Pasaia) eta Enekoitz Markos (Oiartzun).

UDA 2016 Kirol Kanpaina lau udalek osatzen duten Eskualdeko Kirol Koordinazio Mahaiak antolatu eta bultzatu du aurreko urteetako arrakasta ikusita. Elkarlan honen helburuak, besteak beste, hauek izan dira: lau udalen baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzea eta herritarrei aukera zabalagoa eskaintzea. Aurreko urtean bezala helduei zuzendutako jarduerak ere lekua izango dute (16 urtetik gorakoentzat). Besteak beste, ondorengoak dira eskaintzen diren ekintzak: igeriketa, areto jarduerak, paddela, irristaketa familian, bela edota urpekaritza.

Izena emateko epea maiatzaren 4an zabalduko da. Jarduera bakoitzari buruzko informazio zehatza eskuratzeko, eskuorrian adierazten diren webgune eta telefonoak erabil daitezke. Era berean, udalerrietako kirol instalazioetan ere ekintzei buruzko informazio zehatzagoa jaso daiteke.

Jarduera aniztasuna

Aurtengo berrikuntza, irristaketa kirolen eskaintza zabaltzea eta Errenterian antolatuko den Triatloi Eskola izango dira. Irristaketari dagokionez azken urteotan eskainitako skate-a beste bi modalitateekin borobilduko da: scooter eta longa. Jarduera hauek Sportland Oarsoaldea kirol klubak eskainiko ditu.

Triatloi Eskolari dagokionez ServiOcio S.L. izango da eskolaren arduraduna. Orain artean, eskola kiroleko programaren barnean Oarsotrik antolatua, tritaloiko bi saio antolatu dira azken bi ikasturteetan. Oarsoaldeko eskola umeen artean saio horiek izan duten arrakasta ikusita gure kanpainan aukera hori eskaintzea beharrezko ikusi dute.

Azken urteetan indarra eman nahi izan zaie itsasoarekin zerikusia duten jarduerei, eta aurten ere aurreko urtean berrikuntza gisa eskaini ziren bela eta urpekaritza ekintzak egin ahal izango dira. Joan den urteko berrikuntzekin jarraituz, “zirkoa parkean” izeneko jarduera bigarren urtez egingo da.

Gainera, Skate-Scooter-Long-eko lau asteetako ikastaroa aukeratuz gero surfa, body-a eta longboard-a ezagutzeko aukera izango da.

Pasa diren urteetan egin den moduan Oarsoaldeko Udako Kirol Kanpainako eskaintza eskuorri bakarrean jaso da. Prezioak eskuorrian begiratu daitezke. Halaber, bertan jasotzen dira kirolguneen eta antolatzaileen helbideak eta telefono zenbakiak.

Piraguen alokairua Donibanen

Lehen aipatutako itsaso jarduerak indartzeko apustuaren adibide garbia, Udako Kirol Kanpainako eskuorrian jasotzen den eta Pasaiako Udalak Donibaneko kirolgunean martxan jarri duen piraguen alokairua da. Ikasturte honetan martxan jarri den zerbitzua dugu aipatu berri dena.

Zerbitzuari buruzko informazioa Donibaneko webgunean eskuratu daiteke. Banakako zein binakako piraguak alokatu daitezke, ordu beterako edota egun osorako. Halaber, uda osorako bonua ere egin daiteke. Zentzu honetan, aukera ezin hobea da zerbitzu berri hau, badia eta kostaldea ezagutuz, egun pasa ahaztezinak egiteko.