Udala herriko elkarteeekin bilduko da Hondakinen Udal-Ordenantza berria osatzen hasteko

SupermerkatuAsteartean ekin zion Udalak Hondakinen Udal-ordenantzaren berrikuspen prozesuari lotutako bilera sortari. Supermerkatuekin elkartu da lehendabizi Udala eta Jose Cruz Legorburuk, Errenteriako Udaleko Ingurumen-zinegotziak, bilera oso positiboa izan dela adierazi du: “Supermerkatuen aldetik borondatea badagoela ikusi dugu eta, hondakinen murrizketan eta hauen bilketan, Udalarekin batera urratsak ematen jarraitzeko prestutasuna azaldu digute”.

1997. urtean onartu zuen Errenteriako Udalak Zaborren eta hiri-hondakinen bilketarako Ordenantza.
Ordutik hona aldaketa eta hobekuntza ugari izan dira hondakinen udal-errealitatean. Besteak beste, bosgarren edukiontziaren ezarpena etxebizitzetan sortutako biohondakinaren gaikako bilketarako, eta auzo eta etxeko konpostajearen abiatzea.

Egoera honen aurrean, hondakinen kudeaketa berriari erantzuna emango dion Hiri-hondakinen Udal-ordenantza berri baten osaketarako, ordea, Udalak gizarte- eta ekonomia-eragileekin bildu eta bere proposamena partekatzeko asmoa du.

Hurrengo saioa astelehenean

Bigarren bilera maiatzaren 16an izango da goizeko 11:00etan Udaletxeko lehenengo solairuan, bertara herriko auzo eta gastronomia elkartea gonbidatuta daude. Bilera hauek maiatzean zehar ere luzatuko dira merkataritzako eta ostalaritzako beste eragileekin. Izan ere, Udalak hondakin organikoen sortzaile handiei banakako bilketa eskainiko die aurrerantzean.

%60ko gaikako bilketa helburu

Ezarritako neurri horiekin guztiekin, epe laburrean gaikako bilketa %60ra iristea lortu nahi du Udalak (%31´8tik %41´4ra igo da 2014-2015 bitartean). Ingurumena eta osasun publikoa babestea helburu duen lanketa horretan, ordea, administrazio publikoarena ez ezik, herriko gainerako gizarte eta ekonomi eragileen (enpresa, elkarte, merkatari, etab.) eta hiritarren inplikazioa eta erantzukizuna ezinbestekoa da.