Udaleko ordezkariek mozio bat aurkeztu dute San Markoren bulegoetan Errenteria Gipuzkoa osoko hondakinen topagune bihurtzearen aurka

1 20160512_111147Udaleko hainbat ordezkarik ─Errenteriako alkate Julen Mendoza eta San Marko Mankomunitatean Udalaren ordezkari diren Bernar Lemos eta Mikel Rodríguez buru zirela─ Mankomunitateko bulegoetan aurkeztu dute Udalbatzak apirilaren 26an onartutako mozioa. Mozio horrek gogor salatzen zuen San Marko Mankomunitateak Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren (GHK) eskaera onartu izana, horren ondorioz Txingudi eta Urola Kosta mankomunitateetako erdi-atoidun 27 kamioi trailer sartu eta aterako baitira astero Beraun auzotik, hondakinez beteta, San Marko zabortegiko transferentziagunerantz. Gerora, hondakin horiek Kantabriako Meruelo zabortegira eramango dira. Errenteriako Udalak mozio horren bidez adierazi du GHKren eskaeraren aurka dagoela, bai eta San Marko Mankomunitateak emandako baimenaren aurka ere.

Udalbatzak onartutako mozioak bi puntu zituen. Lehenengoan, Errenteriako Udalak eskatzen zion Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari (GHK) atzera egiteko Txingudi eta Urola Kosta mankomunitateetako hondakinak Errenteriara ekarri ahal izateko eskaeran; halaber, San Marko Mankomunitateari eskatzen zion GHKk atzera egiten ez bazuen ez baimenik emateko hondakin horiek San Markon hartzeko. Bigarrenean, Errenteriako Udalak berriz eskatzen zuen San Marko zabortegia zenaren lurretan dagoen hiri-hondakin solidoen transferentzia gunea kentzeko eta beste norabait eramateko.

Errenteriako Udalak gogorarazi du bere garaian (2014ko abendua) eskatu zuela transferentziagune hau kendu eta San Marko zabortegiaren eremutik kanpo eraman zezaten. Argi dago Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) eta San Marko Mankomunitateak berak “entzungor egiten” diotela gure herrian orokorra den eskaerari.

Errenteriako alkateak, Julen Mendozak, azpimarratu du San Marko zabortegiaren itxiera benetakoa eta behin betikoa izango dela transferentziagunea beste norabait eramaten dutenean eta espazio hori errenteriarrek eta beste milaka pertsonek erabiltzen duten espazio natural babesturako atea bihurtzen denean, alegia, Lau Haizeta parkerako sarrera