Kalean da Oiartzun ibaiaren Paisaiaren Ekintza-planari buruzko 1. Buletina

IbaiPaisaiakPortada_1Errenteriako Udalaren buletin honek informazio bitartekoa eta parte-hartzerako gunea izan nahi du. Maiatzean ikusi du argia lehen aleak eta, aurrerantzean, aldian behin argitaratuko da albistegia, Oiartzun ibaiaren eta bere paisaiaren inguruko informazio esanguratsuena plazaratuz.

Oiartzun ibaiaren Paisaiaren Ekintza-plana

2015eko abenduaren 2an, Tokiko Gobernu Batzordeak Paisaiaren Ekintza-plana onartu zuen. Plana Errenteriako Udaleko Ingurumen Sailak egin du, Hirigintza, Kirolak eta Hiri-mantenuko Sailen parte hartzearekin; udalerriko hainbat gizarte eragile eta beste administrazio batzuek ere planaren idazketan parte hartu dute. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak 2014an onartu zuen Paisaiaren Dekretuaren esparruan garatu da plan hori.

Ibai-eremua birgaitu eta biziberritzea da helburu nagusia, Oiartzun ibaiak Errenteriako hiri-gunea zeharkatzen duen tartean. Guztira 12 ekintza eta 47 garapen-proposamen jaso dira. Planak gai ezberdinak jorratzen ditu; esaterako, hobekuntzak hirigintza, ingurumen eta gizarte arloetan, hondatutako eremuen berreskuratzea, elementuen edertzea, edota biztanleriak eremuaz gozatzeko ekintzak sustatzea. Udalak ekintza-plan hori dinamizatu nahi du 2016an, eta horretarako proposatzen diren ekintzak progresiboki sustatuko ditu.

Planari buruzko informazio gehiago http://ingurumena.errenteria.eus atarian aurkituko duzu.