Bidez-bide, zortzi urte landa-eremua eta hirigunearen arteko lotura eginez

BidezBideErrenteria1Errenteriako Udaletxeko Ingurumen Sailaren bitartez, 2008. urtean jarri zen martxan Bidez-bide zerbitzua udalerrian. Horretarako, Errenteriako Udalak 6.000€-ko ekarpena egiten dio Behemendi Landa Garapenerako Elkarteari urtero zerbitzua burutu dezan.

Bidez-bide programa Errenteriako eta Oiartzungo Udaletxeek sustatzen duten doako garraio zerbitzu bat da; pertsonen egoera ezberdinetarako egokitutako ibilgailu batek udalerriko landa-eremua eta hirigunearen arteko bidaiak burutzen ditu, astelehenetik ostiralera (lanegunetan), 08:00- 12:00 bitartean.

Zerbitzua Errenteriako landa gunean bizi diren 65 urtetik gorakoentzat eta mugikortasun arazoak dituzten pertsonengana zabaldu nahi du Udalak eta Behemendik. Honela, Bidez-bide zerbitzua erabili nahi duten pertsonek 690 769 466 telefono zenbakira deitu dezakete.

Landa eremuko beharrei erantzuteko proiektua

Behemendi Landa Garapenerako Elkarteak, eskualdeko zenbait udalen gizarte zerbitzu sailen laguntzarekin, landa eremuko adineko biztanleria eta gizarte zerbitzuen inguruko diagnostiko lanak burutu zituen. Lan hauen ondorioz, arlo ezberdinetan sailkatutako beharrak eta hobetze proposamenak jaso ziren.

Hauetan oinarrituta eta eskualdeko landa inguruneko auzo eta baserrien sakabanaketak suposatzen duen arazoaz jabetuta, proiektu berri bat diseinatu zen, BIDEZ-BIDE Garraio-zerbitzua, landa ingurunean eta sakabanaturik bizi diren adinekoen eta mugikortasun murrizketa duten pertsonei bizitza kalitatea hobetu nahian. Hauek dira programaren helburuak:

  • Landa ingurunean bizi diren adineko pertsonei eta mugikortasun murriztua duten pertsonei “ez ohiko” eginkizunak beren kabuz egiteko aukera edo laguntza ematea. Ohikoak dira lanegunetan egunero egiten diren jarduerak (lanera joan, eskola, okupazio tailerra) eta, ez ohikoak, lanegunetan, baina noizean behin egiten direnak (sendagilearenera joan, gestioak egin).
  • Erabiltzaileek autonomia gehiago lortzea.
  • Beren kabuz mugikortasun murriztua dutenei gizartean gehiago parte hartzen laguntzea.
  • Gizarte bazterketa ekiditea.
  • Hirigunera hurbiltzeko zailtasunak saihestea.
  • Hiri- eta landa-eremuko harremanak eta loturak mantendu eta bultzatzea.
  • Pertsona ahal den neurrian bere ingurunean mantentzea.