‘Maria Magdalena Basilikaren historia’ liburua aurkeztu dute

basilikaren historia‘Maria Magdalena Basilikaren historia’ izeneko liburua aurkeztu dute gaur goizean. Basilikaren historia biltzen duen liburua salgai izango da, 8 eurotan, Basilikan bertan. Aurkezpenean hitza hartu dute Migel Iraeta Maria Magdalenaren lagunak kultur elkarteko lehendakariak, Ion Kollar Kultur zinegotziak, Jose Luis Insausti liburuaren egileak eta Lurdes Uranga elkarteko idazkariak.

Liburua salgai izango da basilikan bertan. Astelehenetik ostiralera bertan izango da elkarteko kideren bat 11:00tatik 13:00tara eta 18:00tatik 19:30era. 300 ale atera dituzte eta agortzen badira dirua gehiago ateratzeko erabiliko dute. Madalenak baino lehen saltzen ez badira, festetan zehar ere bertan izango direla adierazi dute.

Iaz emandako hitzaldietan sumatu zuen lehen aldiz liburu honen beharra Insaustik (liburua idatzi duenak), jendea irakurtzeko gogoz etortzen omen zitzaion. Horregatik hartu zuen lan hori beregain. Bere ustez, basilika hau, herriaren sinbolo den heinean, goi mailako eraikina da eta hala tratatu beharko litzateke.

Historia zati bat

Kollarrek aipatu zuen “lan berezia” dela honakoa: “Basilika herriaren kultuaren lekuko da. 1523an eraiki zuten eta ia 500 urte pasa ditu Errenterian”. Gaur egun, elkarte honen lanari esker zabalik dagoela eta historia ezagutzeko aukera eskaintzen duela adierazi zuen. Iraetak Basilikaren eraikinak izan dituen funtzio guztiak azpimarratu zituen, ez baita eraikin erlijioso soil bat izan, eta Insaustik egin duen lan eskerga aipatu nahi izan zuen.

Urangak esan zuen liburu hau irakurterraza dela. Bere ustez “bilduma lan honen beharra zegoen”. Hiritarrei izan denaren argazki osoagoa eskainiko diela uste du:  “Lepraren zaintzarako gune izan zen behinola, kanpai fabrika ere bai…  Errenteriako lehen parrokia izan zen eta Madalenaetako festak haren eraginez egiten dira”. Ondarea babestearen garrantziaz ere hitz egin zuen, eta norabide horretan erreformatu berri duten mihisea aipatu zuen.

Egileak Jose Kruz Sarasolari, Julian Etxeberriari, Jose Luis Salsamendiri eskaintzen die liburua. Baita Sebas Galdosi ere. Azken hau izan da liburua euskarara itzuli duen persona. Bestalde, bereziki eskertu nahi izan zituen Udaleko Hirigintza eta Kultura sailak emandako laguntza guztiagatik.