Errenterian kontrolik gabe dabilen ahuntz-ganadua jasotzeko pausuak eman ditzan eskatu dio Udalak Aldundiari

LarreakOrain gutxi, Añarbe erabilera publikoko mendian (Natura 2000 Sarean babestua), kontrolatu gabeko eta bertan behera utzitako behi-azienda zuten jabeei hauek erretiratzea eskatzeko Ediktua argitaratu zuen Udalak. Izan ere, aziendak eragindako kalteen artean animalia osasunari buruzko arazoak, Aiako Harria Parke Naturala eta Kontserbazio Bereziko Eremuko (KBE) bisitariei egindako erasoak eta interes komunitarioko habitatetan bioaniztasunari eragindako kalteak aurkitzen dira.

Udalak jakinarazi du, azken hilabeteotan, Udalaren basozaintza zerbitzuak ahuntz-aziendak, noraezean libre dabiltzanak, detektatu dituela, Lau Haizeta Parkeko eremuetan, Txoritokieta eta Sanmarko mendietan. Gainera, abelburu hauek ez omen dira ez ukuiluratzen ez itxituretan sartzen.

Egoera honen aurrean, eta indarrean dagoen legeria aplikatuz, Errenteriako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako departamentuari idatziz eskatu dio Errenteriako Udalerriko zenbait menditan noraezean eta legez kanpo dabiltzan ahuntz-aziendak identifikatu, zigorra ezarri eta jaso ditzala, hainbat ganaduzalek bioaniztasunean eta nekazaritzan sortzen ari diren kalteak etetearren.