Ane Santestebani babesa eman, eta zorte ona opa dio Udalak

ane santesteban2Ane Santesteban Rio de Janeiron (Brasil) egingo diren Olinpiadetan parte hartzeko sailkatu dela-eta, Errenteriako Udalak, babesa adierazteaz gain, zoriondu ere egin nahi du egindako ahalegin handiari esker lortu duen emaitzarengatik, baita animatu ere ahalik eta emaitza onenak lor ditzan. Errenteriako txirrindularitza zorioneko dago; izan ere, duela 50 urte Luis Otañok Tourreko etapa bat irabaztea lortu zuela ospatzen ari ginenean, gainera dezakegu Errenteriak egun hiru txirrindulari profesional dituela: Ane “Alé Cipollini” italiarraren taldean ari da eta Dorleta Eskarmendu eta Naia Leonet txirrindulariak ere talde profesionaletan dihardute, Dorleta “Lares-Waowdeals” talde belgiarrean eta Naia “Bizkaia-Durango” taldean. Hiru horietaz gain, Aritz Bagues Murias taldeko kide da.

Ane Olinpiadetan parte hartzea gertaera historikoa da, lehenengo aldiz Errenteria herriko norbait izango baitu txirrindularitza modalitatean olinpiada batzuetan lehiatzen. Anek lineako proban parte hartuko du eta Rion arituko den estatuko txirrindulari bakarra da. Horrek garbi uzten du lortutako emaitzaren zailtasuna. Hainbat sariren artean, bere palmaresean azpimarratu behar dugu Espainiako errepideko banakako lasterketako txapeldun (2009), Euskadiko bideko txapeldun (2010), Espainiako bideko txapeldun (2013) eta Espainiako bideko txapeldunorde (2015) izan dela.

Udalak animatu eta babestu egin nahi du Ane Santesteban, eta horretarako hainbat ekimen egingo dira. Alde batetik, Gobernu Taldeak 3.000.- euroko diru-laguntza onartu du egindako ahalegina errekonozitu eta garrantzi horretako proba batean parte hartzeak eta proba bere prestatzeak dakartzaten gastuei aurre egin diezaien.

Beste alde batetik, Biteri kalean pankarta bat jarri da Olinpiadetan parte hartuko duela adierazi eta herritarrei emaitza garrantzitsu horren berri emateaz gain Ane berari ere gogorarazteko lehiatzen ari denean berarekin egongo garela.

Era berean, uztailaren 25eko 11:00etarako ekitaldi bat antolatu da. Olinpiadetan parte hartuko duela gogorarazteko Biteri kalean jarritako pankartaren azpian agintariek 3.000 euroko txekea entregatuko diote modu sinbolikoan, erakundearen errekonozimendu gisa. Ekitaldiaren barruan elkarretaratzea antolatu da Ane Santestebanekin batera bizikletaz ibilbide bat egiteko, entrenamendu moduan, hala nahi duten zikloturistek eta bizikleta maite dutenek babesa adieraz diezaioten Brasilerako bide horretan. Hori horrela, herritarrak animatu nahi ditugu ekitaldian zein elkarretaratzean parte har dezaten. Horretaz gain, Laguntasuna Txirrindularitza Elkarteari eskerrak eman nahi dizkiogu, baita zoriondu ere, Ane Santesteban bertan formatzeaz gain, erabateko kolaborazioa eskaini baitu ekimenetan parte hartzeko.

Ane Santesteban abuztuaren 7an lehiatuko da Rioko proban eta aurrerago, txirrindularitza proba guztien ordutegiak ofizial egiten direnean, bere lasterketa hasiko den orduaren berri emango dugu, interesdun guztiek lasterketa zuzenean jarraitu ahal izan dezaten.

Udaletik gure erabateko babesa adierazi nahi diogu eta animatu nahi dugu txirrindularitza ibilbidean jarrai dezan; izan ere, kirol jardueran hasi diren gazte guztientzat erreferente bihurtu da: Anerengan hurbileko norbait ikusten dute, ilusio eta dedikazio handiz nazioarteko txirrindularitzaren maila gorenera iristea lortu duen pertsona.