Konpostaguneen jarraipen-bisitak burutuko ditu Udalak uztailaren 26an

KonpostaGuneErrent1Hurrengo asteartean, uztailak 26, Errenterian kokatutako auzo-konposta egiteko guneetara 4. jarraipen-bisita egingo du Udalak.

Ikuskaritza-lanak gauzatzen dituen lantaldeko kideak 13:00etan abiatuko dira Fanderiako gunetik eta honakoa izango da ibilbidea: Fanderia, Agustinak, Gaztaino eta Alaberga. Jarraipen-bisita hau erabiltzaileek izan ditzaketen zalantzak eta kezkak argitzeko ere baliatu nahi du lantaldeak. Erabiltzaileren batek ikuskaritzako teknikariarekin hitzordua finkatu nahiko balu, 628 532 303 telefonora deitu edo whatsApp bat bidali dezake, edo bestela ondorengo epostara idatzi, hurrengo astelehena baino lehen: auzokonpostae@gmail.com.

Oraindik auzo-konposta egiten ez duten eta parte hartzeko interesa duten herritarrek, halaber, goian aipatutako bideak erabil ditzakete harremanetan jartzeko.

Ikuskaritza egutegia ezagutzeko edo gaiari buruzko informazio gehiago eskuratzeko, Udalak herritarrak Errenteriako ingurumen atarian sartzera gonbidatzen ditu: http://ingurumena.errenteria.eus/

Etxean konpostatzen dutenei ere laguntza

Bestalde, Udalak  kontratatutako teknikariek etxeko konposta egiten duten herritarrei ere aholkularitza eta laguntza zuzena eskaintzen diete. Autokonposta egiten duten herritarrek zalantzak izanez gero, 628 532 303 telefono zenbakira dei dezakete edo honako posta elektronikora idatz dezakete: etxekonpostae@gmail.com.

Etxean sortutako biohondakinak auzo- edo etxe-konpostaren bidez kudeatzen dituzten herritarrei %25eko hobaria aplikatuko zaie zaborren tasan.